Hurrengo astean Urtarrilak 24ean, Liher Canturiensek LAIBE, Elgetako enpresan Goi mailako zikloko Mekatronika Industrialeko Praktikak eta ikasketak bukatzen ditu. Bertan izandako esperientzia kontatzekoatan berarekin elkarrizketa bat izan dugu:
1.- Emaiguzu zure izena mesedez eta zein ziklo egin duzun.
-Ni Liher Canturiense Amor naiz eta Mekatronika Industrialeko Goi-Mailako Zikloa egin dut.
2.- Noiz hasi zinen Praktiketan? Noiz bukatzen duzu?
– Praktikak urriaren 24an hasi nituen eta urtarrilaren 24an bukatuko ditut.
3.- Zein izan da zure instruktorea LAIBEn?
-Nire instruktorea Luis Alberdi izan arren, beste lankide batzuekin aritu naiz lanean, besteak beste Ibanekin, Jonekin, Oierrekin edo eta Victorrekin.
4.- Zein da LAIBEren lan esparrua?
– LAIBEren zeregin nagusienetarikoa Laguntza Teknikoko Zerbitzua (L.T.Z.) eskaintzea da. Hau da, beste enpresa baten makineriarekin lotutako arazoren bat sortuz gero, LAIBE enpresa horretara joaten da sortutako arazoa konpontzeko. Baina Laguntza Teknikoko Zerbitzuaz gain, LAIBEk Retrofrittinga zerbitzua ere badu. Beste modu batean esanda, beste enpresa batzuetako zaharkitutako makineria LAIBEko tailerrean bertan konpondu, berritu edo martxan jartzean datza.
5.- Zein motatako lanak egin dituzu epe honetan?
– Epe honetan lan desberdinak egin ditut hala nola armairu elektrikoak muntatzea, tornuan eta fresagailuan piezak egitea, motor elektrikoak desmuntatu, konpondu eta berriz muntatu, makina zaharretan konjunto mekaniko berriak muntatu, lantegia garbitzea, piezak margotzea eta abar.
6.- Bukatzeko, zer eskaini dizu LAIBEn praktikak egitea, bai pertsonalki bai ikasketa aldetik?
– Esperientzia honek gauza ugari eman dizkit. Arlo pertsonalari begira, jende berria ezagutzea aipatuko nuke. Haiekin denbora gutxi igaro arren, beti niri laguntzeko prest egon dira. Horrez gain, etorkizunari begira beharrezkoak izango ditudan aholku eta laguntza ugari eman didate. Laguntza eta gertutasun hori benetan eskertzekoa izan da.
Ikasketa aldetik, berriz, errealitatearen gertuko ezagutza azpimarratuko nuke. Ikasgelan batzuetan material eta denbora faltaren ondorioz ikasi ez ditudan gauza berri asko ikastera ailegatu naiz. Hau da, teoriatik lortutako input-ak praktikara eramateko gai izan naizela uste dut.
Laburbilduz, esperientzia honetatik nire etorkizun laboralean ezinbestekoak izango diren konpetentziak garatu ditudala uste, eta horrek pozten nau.