Goi mailako heziketa zikloko Robotikako ikasleak Uribeko subestazio elektrikoa bisitatzen


Pasa den ostiralean Robotika eta Automatizazio Industrialeko 1.en mailako ikasleek Uriben aurkitzen den subestazio elektrikoa bisitatzeko aukera izan zuten. Horrela, Iberdrolako langileen eskutik subestazioa osatzen duten elementu ezberdinak aurrez aurre ikusi eta beraien funtzionamendua barneratuz. Hala nola, tentsio maila 30kV-etatik 13kV-etara egokitzeko beharrezkoa den transformagailua parez pare ikusteko aukera izan zuten edota kontrol/neurketa gelara sartzekoa, non, besteak beste subestazioa elektrikoki isolatzeko erabiltzen diren etengailu, ebakitzaile eta lur ebakitzaileak maneiatzen diren.

 

Ikasleentzat oso aberasgarria izan den bisita izan da honako hau, izan ere, klasean aurrez ikasi eta landutako kontzeptuak errealitatean ezagutzeko aukeraz baliatu baitira. Eremu honetan adituak diren langileekin zuzenean komunikatuz eta hausnarketak partekatuz. Horrela, elektrizitatearen garraio zein distribuzioak nola funtzionatzen duen ikasgelan azaltzeaz gain ikasleek errealitateko transformazio estazio bat ezagutu ahal izan dute, teoria eta praktikaren uztartze bat egin eta eremu honen inguruko jakintzan sakonduz. Robot zein eta automatizazio prozesu guztiek elektrizitatearen beharra duten heinean ezinbestekoa baita elektrizitatearen sorrera, garraioa eta banaketa nola ematen den ulertzea gerora energia elektrikoarekin lan egin ahal izateko.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu