Julen Zengotita, MGEPeko Mekatronika Industrialeko goi mailako heziketa zikloko ikaslea da eta ERASMUS+ programaren bitartez Txekian dago praktiketan. Hona hemen bere testigantza:
1.- Emaiguzu zure izen abizenak eta ikasitako titulazioaren izena.
Julen Zengotita Basauri naiz eta MGEPen Mekatronika Industrialeko goi mailako Heziketa zikloa ikasten ari naiz.
2.- Zergatik erabaki zenuen ziklo hau ikastea?
Betidanik gustatu izan zaizkit makinak eta instalakuntzak, eta ziklo hau makinak instalatzen, martxan jartzen, programatzen eta mantentzen ikasteko aukeratu ematen zidan. Berez ez neukan oso argi zer ikasi, baina batxilergoko bigarren mailan zikloaren berri izan eta orduan aukeratu nuen.
3.- Zergatik MGEP?
Nire ustez MGEP instalazio eta baliabide onenak dituen eskola da, horregatik aukeratu nuen.
4.- Eta orain bertan ikasi duzula, zerbait nahiko zenuen aipatu?
Baliabideaz gain, irakasle gehienak oso onak dira, irakastea gustuko dutela igartzen da, eta laguntzeko prest daude beti. Beraz, oso ondo moldatu naiz ikasten. Ikaskideekin ere oso harreman ona izan dut, gelakide asko orain lagun bilakatu dira.
5.- Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, ekipo-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue. Nolakoa izan da zuretzat esperientzia hau?
Taldeetan banandurik, klaseetan ikasitako teoria praktikara eramateko erronkak egin ditugu ikasgai guztietan, erronka hauekin asko ikasi dugu, hori nabarmenduko nuke bereziki.
6.- Nola piztu zitzaizun gogoa ERASMUS+, atzerriko esperientzia izateko?
Betidanik gustatu izan zait esperientzia berriak bizitzea, eta atzerrian lan egiteko aukera honen berri eman zidatenean oso interesgarria iruditu zitzaidan, gauza berriak ikasi eta nire kabuz bizitzeko.
7.- Noiz joan zinen? Nora?
Martxoak 11ean Pragara (Txekia) etorri nintzen beste pertsona batzuekin batera, hasiera batean ni eta nire lankidea lantoki ondoko etxe batean bizi ginen, baina Espainiatik etorrita eta COVID19aren inguruko neurriak Europan hartu berri zirela eta, arduradunak eskatuta berrogeialdia pasatzera erresidentzia edo aterpe batera joan ginen. Bertan geundela egoera asko gaiztotu zen eta pertsona askok etxera bueltatzea erabaki zuten, tartean nire lankideak. Nik nahiago izan nuen hemen geratu eta esperientzia hau bizi. Orain, berrogeialdia pasata, berriro lehenengo etxean bizi naiz ni bakarrik. Eta dagoeneko, lanean hasi naiz.
Nire enpresaren izena Valent CMMS da, enpresa txiki bat da, mantenu industrial lanak egiten dituela. Bere merkatua Txekiako lantegiak dira, batez ere auto fabrikak, petrokimikoak, e.a.
Neurketa lanak egiten ditut, makinen efizientzia neurtzeko. Lan garrantzitsua da, ondoren makinak zuzendu behar direlako.
9.- Zer ikasi duzu enpresan?
Nire lana ahalik eta hoberen egiten eta ahal dudan guztian lankideei laguntzen ikasi dut, oso garrantzitsua baita lan efizientea egiteko.
10.- Enpresa horretan eginiko lanean, zikloan ikasitakoa erabili duzu?
Zikloan ikasitakoa erabili dut, batez ere errodamenduei, transmisio elementuei, materialei eta tolerantziei buruzko jakintzak.
11.- Zure gaur egungo esperientziak zein ekarpenak egin dizkizu persona bezala?
Pertsonalki nire kabuz bizitzen ikasi dut. Eta etorkizunerako lanerako makinen funtzionamendua bikaintzen ikasi dut ere bai.
12.- Orain daukazu ikuspuntuarekin, zein asmo duzu hurrengo ikasturterako?
Gehiago ikasteko asmoa dut, baina gogo handia dut lanean hasteko ere bai, beraz segurazki goi mailako beste ikasketa bat egingo dut. Buruan dut Automatizazio eta robotikako zikloa egitea eta lehen ikasturtearen amaieran DUALean hasi.
13.- COVID19 gaixotasuna bete-betean harrapatu zaitu, zer moduz daramazu?
Hemen oso ondo gaude, tabernak, gimnasioak eta beste leku batzuk itxita dauden arren, baditut beste modu batzuk ondo pasatzeko, adibidez bizikletan ibiltzen naiz. Lehenengo egunak txarragaoak izan ziren, batez ere erresidentzian bananduta egon behar izan nintzen asteak, baina banekien behin hori igarotakoan lanean hasi ahalko nintzela, beraz ahalik eta hoberen denbora pasatzen saiatu nintzen. Orain berriz, oso ondo nago.