Mikel Uribesalgo, MGEP GMHZ ASIR eta DUALeko ikasle ohia orain Informatikako Graduan
Mikel Uribesalgo Sareko Informatika Sistemen Administrazioan DUAL-eko ikasle izan zen MGEP-en, goi mailako heziketa zikloan. Orain Informatikako gradua egiten dabil eta bere testigantza utzi digu:
1.- Aurkeztu zure burua:
Mikel Uribesalgo naiz eta Sareko Informatika Sistemen Administrazioa (ASIR) ikasi dut MGEP-en. Ni batxilerretik nentorren eta ez nekien unibertsitatera sartu edo goi mailako ziklo bat egin.
Nire familian gradu bat egitera animatzen ninduten, baina momentu horretan nik ez nuen nire burua prestatuta ikusten gradua aurrera ateratzeko, eta horregatik goi mailako zikloa aukeratu nuen, ASIR hain zuzen. Informatika mundua betidanik gustatu izan zait eta horretan lan egin nahi nuen.
3.- Zergatik aukeratu zenuen MGEP?
Bi arrazoirengatik: lehengoa, bertan dauden instalazio eta baliabideengatik, eta bigarrena, bertako irakaskuntza metodologia aktiboagatik.
Ate irekietan MGEPera etorri nintzen, eta instalazioak ikusteko aukera izan nuen. Eta egia esanda, txundituta geratu nintzen hauek ezagutzerakoan, ikasleen lanak eta proiektuak aurrera eramaten laguntzeko zeuzkaten azpiegitura guztiekin.
Bestetik hezkuntza eredua dela eta, ideia bikaina iruditu zitzaidan erronka eta taldeka egindako proiektuetan oinarritutako irakaskuntza, horrek erakusten baitizu nola lan egingo duzun etorkizunean, benetako proiektuetan. Aurrekoarekin lotuta, irakaskuntza honen beste puntuetako bat prestakuntza DUALa litzateke. Prestakuntza DUALa ia zentro guztietan ezarrita dago, baina zentro guztiek ez dute MGEPek duen hain hurbileko lotura enpresekin; izan ere, kooperatiba bat denez, lantokiaren eta enpresaren arteko harremana oso hurbila da, eta, azkenean, zure etxetik gertu enpresa bat aukeratzeko erraztasun gehiago izaten dituzu, ikasten ari zarenaren arabera.
Hasierako arazo bakarra garraio kontuak ziren. Oraindik ez neukan kotxeko karnetik eta egunero autobusa hartu behar izaten nuen. Elorrixokoa izanik, eskolako ordutegia ez zen oso ondo moldatzen autobusen ordutegira. Goizeko 7:45 sartzen nintzen klasera eta autobusa ez bazen atzeratzen, Arrasatera 7:20 heltzen nintzen geltokira eta gero Garaiaraino beste 2km nituen oinez, noizean behin pausu azkarrean igo behar nuen klasera garaiz iristeko. Klaseak 14.00-etan bukatzen nituen eta ez neukan autobusik 15.00ak arte, normalean 15:15 heltzen nintzen etxera.
Klaseko giroa oso ona izan da urte bi hauetan, talde lan ona eduki dugu eta lagun-talde berezia osatu dugu, oraindik kontaktuan gaude eta afariak egiten ditugu elkartzeko.
5.- Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, ekipo-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue. Nolakoa izan da zuretzat esperientzia hau?
Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten nuen, hau da, lantaldean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen nituela, honek lan munduari begira onura asko ekarri zizkidan. Asko lantzen genuen lan taldean lan egiteari, eta horrek gure artean komunikazio hobea sortu zuen. Erronka oso interesgarriak egiten genituen, erronka hauek beti zeukaten lan munduari islada. Erronka hauek beti arazoren bat planteatzen zuten eta geuk konpondu egin behar genituen.
6.- DUALa ere burutu zenuen ezta?
Bai, 1. Maila amaitzerakoan, DUALean hasi nintzen. Hasieran egun osoa, eta gero, 2.garren maila hasi ginenean irailean, goizez ikasi eta arratsaldez lan egiten nuen.
ULMA Handling Systems-en (UHS), Oñatin, egon nintzen lanean urte betez. Enpresa honetan, biltegi automatikoak neurrira egiten dituzte, hainbat software eta hardwarea kudeatuz.
7.- Zer ikasi duzu enpresan?
Nire lehen lana izan zen eta asko ikasi nuen urte horretan. Lan taldean aritzea oso gustukoa izan nuen, denok komunikazio ona eduki behar genuela lana aurrera ateratzeko. Horretaz gain, asko eskertu nuen haien hurbiltasuna, arazoren bat neukanean beti zeuden prest niri laguntzeko.
8.- Gomendatuko zenuen DUAL?
Bai, duda barik, esfortzua da, baina asko ikasten da, eta lan mundurako prestatzen zaitu.
10.- Eta zikloa eta gero, zer?
Ziklo hau bukatzerakoan ikasten jarraitu dut, momentu honetan unibertsitatean nago, gradua Ingeniaritza Informatikoa ikasten Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP). Gogorra egiten ari zait, zeren eta salto handia bat dago ziklotik gradura. Azkenean ziklo batean gehiengoa praktikak egitean datza eta gradu batean, aurreneko mailan bereziki, orain nagoen bezala, proportzionalki teoria gehiago ematen duzu, oinarrizko zientzako ikasgaiak direla eta.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu