Mondragon formación profesional

Patricia Barquero, MGEP-eko Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programaketako DUAL ikaslearen zuzeneko testigantza (bideoa).

Patricia Barquero, Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programaketa -ko eta  DUAL  programako ikasleak, bere zuzeneko  testigantza utzi digu. Jarraian elkarrizketan izandako solasaldia eta bideoa ere:

1.- Nola erabaki zenuen goi mailako heziketa zikloko ikasketak (GMHZ) burutzea?

Batxillergoa eta Haur Hezkuntzako gradua egin eta gero, aldaketa bat behar nuela sentitzen nuen eta industria mundura pasatzea erabaki nuen.

Industria munduan lanean aritu nintzen denbora motz batean eta esperientzia gustatu zitzaidan. Eroso sentitu nintzen lanean eta honekin lotura zuen ikasketak burutzea erabaki nuen, “Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programaketa” hain zuzen. Honek, lan mundurako aukera anitz eskaintzen dituelako aukeratu nuen, gainera testuinguru ezberdinetan profesional moduan hazteko bideak zabaltzen ditu.

Patrica Barquero: Programación de la Producción en Fabricación Mecánica

2.- Zergatik Mondragon Goi Eskola Politeknikoa?

MGEP aukeratu nuen aurreko ikasketak ere Mondragon Unibertsitatean (MU-n) burutu nituelako eta metodologia gustoko nuelako. Gainera, ate irekien jardunaldietan egon nintzen eta ekipamendu teknologiko onak zituztela ikusi nuen.

Hasieran, kosta egin zitzaidan inguru berri honetara moldatzea, zerotik hasi bainintzen. Hala ere, ikasturtea aurrera egin ahala, fabrikazio mekanikoko munduan primeran murgildu nintzen.

3.- Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, ekipo-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue.  Nolakoa izan da esperientzia hau?

Erronkak egin izan ditugu taldeka, esaterako geometria ezberdineko piezen serieko fabrikazioa, entsegurako probeten prozesu guztia ezagutu (galdaketa, fabrikazio eta entsegua)… erronka hauek gure sormena lantzeko aukera eskaintzeaz gain, talde lanean aritzeko konpetentzia lantzen ere lagundu izan digute, lan mundurako funtsezkoa den konpetentzia baita.

Hainbat enpresa ezagutzeko aukera ere izan dugu (adibidez Coprecirekin egindako erronka) eta honek errealitatearekiko ikuspegia zabaltzen lagundu digu.  Errealitate anitzak ezagutu ditugu eta hortaz, ikasketak bukatutakoan lan egiteko aukera ezberdinak daudela konturatu gara.

4.- Zer moduz ikasketak eskaini dizun praktikak egiteko aukera?

Gaur egun DUALa egiten ari naiz MGEPeko bi laborategi ezberdinetan. Esperientzia oso positiboa izaten ari da, profesional moduan hazteko aukera izateaz gain, aurreko ikasketetan barneratu nituen konpetentziak indartzeko aukera izaten ari naizelako ere (talde lana, komunikaziorako gaitasuna…). Gainera, lanpostuan ekipamendu berriak eta puntakoak erabiltzen ari naiz eta horrek etengabeko ikaskuntza bermatzen laguntzen dit.

Bi ikerketa taldetan egiten dut lan, eta hauetan materialak ezaugarritzen dira batez ere. Gure lanaren bitartez, enpresa ezberdinek sortutako edota fabrikatutako materialen nolakotasuna aztertu eta dokumentatu egiten dugu ondoren enpresek euren balorazioak egin ditzaten euren produktuarekiko.

 5.- Orain dela gutxi kongresu baten izan zara. Zer aipatuko zenuen?

Otsailean, AICn antolatutako “Junior Automotive Apprenticeship Advisory Board (#JA3B)” kongresuan egon nintzen hitzaldi bat ematen. Kongresu hau, Europako herrialde ezberdinetako gazteei zuzendutakoa zen, automozio mundura erakartzeko asmoz. Gestamp-ek antolatutako kongresua zen, MUren kolaborazioarekin. Bertan, goi mailako heziketa zikloan izandako esperientziaren testigantza eman nuen. Esperientzia positiboa izan zen, hala ere erronka handia izan zen ere, testigantza ingelesez eman nuelako.

6.-Zer aipatu dezakezu enpresan izaten ari zaren esperientziari buruz?

Enpresan, talde lanak nolako garrantzia duen barneratzen dut egunerokotasunean, elkarrekin ezagutzak konpartitzea zein garrantzitsua den eta autonomiaz jokatzea norbanako garapen profesionalerako zelako onuragarria den.

Izaten ari naizen esperientzia imajinatzen nuena baino hobea da, egunero zerbait berria ikasten dut eta pixkanaka profesional moduan lorpen politak izaten ari naizela esango nuke. DUALak lan mundurako ateak zabaldu dizkit hasieratik.

Momentuan hartu nuen erabakiarekin pozik nago eta edonor animatuko nuke Goi mailako heziketa zikloa egitera.

 

7.-Komentatu dezakezu zein asmo duzun hurrengo kurtsorako ?

Ikasketak amaitutakoan lan-munduan murgiltzea da nire helburu nagusiena. Dagoeneko ikasketa nahikoa burutu dudala iruditzen zait, eta aurrerago ikasketa gehiago egitekotan, lan-postuak horrela eskatzen didalako izango da (ikastaroak ….).

8.-Zer esango zenien orain GMHZko 1.mailan dauden ikasleei DUAL egiteko aukera baten aurrean?

Lan munduan murgiltzeko asmoa duena animatuko nuke DUALa egiten, honek esfortzua eta irmotasuna eskatzen du baina aukera paregabea dela iruditzen zait. Gainera, DUALa egiteak ere bere abantailak ditu ikasketei begira, izan ere hainbat materiatako ordu presentzialak eta edukiak baliozkotu daitezke.

 

Exit mobile version