Ion Astigarraga, MGEPeko Mekatronika Industrialeko GMHZko ikaslea da, gainera, Ionek, DUAL programan parte hartu du eta gurekin partekatu nahi izan du bere esperientzia:
Zergatik aukeratu zenuen goi mailako ziklo hau? Eta zergatik MGEP?
Urte asko arlo psikosozialean lan egin ondoren eta lan karga baxua zegoenez, ULMA Forjan lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Lanean hasi eta oso gustura sentitu nintzen enpresan lanean. Bertan geratzeko aukera ere eskaini zidaten, baina minimo bat eskatzen ; hau da, alor industrialean goi mailako heziketa ziklo bat betetzea, nire formakuntza Psikologian lizentziatura baitzen. Gaztetatik ere beti gustatu izan zaizkit tresna eta ingeniaritza munduko kontuak. Nire interesa eta enpresak eskatutakoa bateratu zirenez, ziklo bat egitera animatu nintzen. Honela, aukerak ikusirik, gehien gustatu zitzaidan heziketa zikloa mekatronikakoa izan zen.
Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP) aukeratu aurretik ate irekietan egon nintzen, bertatik bertara informatu eta instalakuntzak ezagutzenko. Asko gustatu zitzaidan metodologia eta erronken bidezko ikasketa. Gainera, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak inguruko enpresekin duen hartu-emanak ere erakarri ninduen, hau puntu garrantzitsu bat dela esango nuke.
Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue; hau da, talde-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue. Zer-nolako erronkak egin dituzue?
Egia esan, lan asko egin ditugu taldeetan; lehenengo urtean, elektrizitateko, pneumaikako eta konfigurazioko -PLC bidezko praktikak- lanak gogoratzen ditut. Urte amaieran egin behar genuen erronka ezin izan genuen egin praktikoki, COVID-19a zela eta, baina simulazio bitartez ikasgaiak lantzeko aukera izan genuen.
Bigarren urtean, praktikotasun aldea gehitu egin zen eta amaierako proiektu polit bat izan genuen, fresagailu baten automatizazioa robot eta zinta garraiatzailen baten bitartez.
Nola baloratuko zenuke esperientzia hau?
ETHAZI metodologiak funtzio profesionalak lantzeko aukera eman dit. Ikaste modu honek ezagutza teknikoetatik at beste hainbat konpetentzia garatzen laguntzen digu: pertsonen iritziak entzun, aztertu eta bateratu, egiteko moduak ezagutu, erronka handiak eginkizun txikitan zatitu, egindako akatsen kudeaketatik ikasi, ikaste prozesuan autonomia landu, emaitza onak emango dizkigun erabakiak hartu…
Nire
DUALa ULMA Packaging enpresan egiten dihardut. Enpresa honek elikadura esparruko, produktu galkorren medikalizatuen eta elikadurakoak ez diren produktuen ontziratze makinak diseinatu eta fabrikatzen ditu. Oñatik du egoitza nagusia, Garibai auzoan; nahiz eta nazioarteko presentzia duen enpresa den. Nire kasuan, termoformatu departamentuan nago, packaging teknologia hau erabiliko duten makinetako azpi-elementuak muntatzen.
Lehenengo egunetan, lankideen laguntzaz, lantokiko espazioak ezagutu eta makinak muntatzeko beharrezko diren planoak interpretatzen hasi nintzen. Horrekin batera, estandarrak diren piezak muntatzen jardun nuen luze. Denbora aurrera joan hala, makina konplexuagoak autonomiaz muntatzen hasi naiz. Prozesu horretan garrantzitsua da ulertzea sortzen dugun elementu bakoitzaren funtzioa zein den eta horrek makinaren zein eginkizun burutzen duen. Nik lehenengo urtean eskolak lanarekin uztartu nituen, goizean klaseak hartu arratsaldean lan, horrek zekarren gainkargarekin.
Duala zorrotza da, eskolara joateaz gain lanean ere ordu batzuk sartu behar dituzulako. Eskolako ardurak, erronkak, azterketak prestatzen dituzun bitartean, lanean ere emaitza onak eman behar dituzula dakizu, eta horrek estresa eragiten du asteko egun batzuetan.
Garrantzitsua da lanak denboraz egin eta egunak ondo antolatzea.
DUALa oso esperientzia aberasgarria dela uste dut, aukera ezin hobea, eta lehenengo urteko ikasleei saia daitezela gomendatzen diet.
DUALa egiteak praktikak egiten diren lekuan geratzeko aukerak handitzen ditu.
Zer ikasi duzu ULMA Packaging-en?
Asko ikasi dut, pertsonalki eta profesionalki… Antolatzen ikasi dut. Nire lan denbora estrategikoki antolatu behar izan dut, enpresaren beharretara egokitzeko. Baita ere lana ez dela bakarrik “ezagutza teknikoa izatea”, lan egiteko estiloetara egokitzea baizik: pertsonak ezagutu, jarreretara moldatu…
Bete al ditu Mekatronika Industrialeko goi mailako zikloak zure espektatibak?
Bai; nire espektatiba zen mekatronika alorreko profil profesional bat garatzea eta esparru horretan lan esperientzia lortzea. Harreman profesionalak egin ditut, nire ezagutzak eguneratu ditut eta inguruko enpesa kooperatiba bateko parte izateko aukera ere izan dut. Lan munduan, berriz, profil erakargarri batekin neure burua aurkezten lagundu dit ziklo honek.