Mondragon formación profesional

MGEPeko 2. mailako Mekatronika Industrialeko Goi Mailako Zikloko DUAL ikaslearen testigantza

Jon Ander Zabaleta Korta, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) Mekatronika Industrialeko goi mailako heziketa zikloko 2. mailako ikaslea da. Gainera Jon Ander DUALean dago eta hemen uzten dizuegu berari egindako elkarrizketa:

Zergatik aukeratu zenuen Mekatronika Industriala ikastea?

Mekatronika industriala ikasketak aukeratu nituen gero lan irteera handia duelako. Aukera desberdin asko eskaintzen ditu, oso zabala da. Egia esan, noiz eta nola aukeratu nuen laburki azaltzeko, aurreko lanean ez nengoen oso gustura eta ikasteko garaia orain zela konturaturik, eszedentzia eskatu eta ikasteari ekin nion etorkizun hobe baten bila.

Zergatik MGEPen?

Erabakia hobeto hartzeko  bi ate irekietan izan nintzen, horietako bat MGEP eta bestearekin alderatuz nabarmen hobeto prestatuagoa zegoen instalakuntza aldetik eta erronkak ere interesgarriagoak ematen zuten. Bestetik gurasoak hemen ikasiak dira eta iritzi ona zuten.

Oso gustura ibili naiz, asko ikasi dut eta egiten diren erronkekin ikasitakoa barneratu egiten da, primeran ulertzen baituzu gelan landutakoa. Esperientzia oso positiboa izan da, DUAL era ondo prestatua iritsi naizela iruditzen zait eta oraindik zer ikasia izanik ere, oinarri sendo bat daukat.

Zer esan dezakezu DUALari buruz?

DUALarekiko, oraingoa nire bigarren DUALa da, aurreko zikloan ere DUAL programan ibili nintzen eta zalantzarik gabe ezinbesteko esperientzia izan da bi kasuetan. DUALari esker ez duzu ikasitakoa bakarrik hobeto barneratzen, lan egiten ere ikasten duzu, gainera pertsona helduekin, profesionalekin, lan egiteak beste perspektiba bat ematen dizu. Horrez gain, urtebetez lan egiteko aukera ematen dizu, praktikak motzegiak dira. Praktiketan esku pixkat hartzen hasten zarenerako eta tailerreko dinamika ulertzen amaitu egiten dira eta DUAL ari esker esperientzia hori luzatu eta barneratzeko aukera daukazu.

Non egin duzu DUALa?

Mondragon Assemblyn izan naiz DUALa egiten. Mondragon Assemblyk departamentu desberdinak ditu, ni makina bereziko adarrean ibili naiz. Bertan edozein motatako makinak montatzen ditugu, medikuntza arloko makinariatik hasita gurpilei pegatinak itsasteko makinetara. Beren kabuz makinak produzitu ezin dituzten enpresak izan ohi dira gure bezeroak, beraiek makinak diseinatzen dituzte, eta guk montatu egiten ditugu hobekuntzak proposatuz ikusi ez gero.

Nire lana makinak montatzea izan da beste gauza batzuen artean. Azken finean makinak montatu ahal izateko aurretiko prestakuntza bat behar da. Pieza guztiak iritsi direla ziurtatu beharra dago, planoarekin bat datozela ikusi, subkonjuntoka banatu, medikuntza edo janariarekin zerikusia duten makinetan papeleo dexente egin beharra dago, dena zorrozki gainbegiratzen denez, pauta batzuk jarraitu beharra dago.

Oso gustura ibili naiz, asko ikasi dut, lankideek lehenengo egunetik bat gehiago bezala hartu ninduten eta asko erakutsi didate galdera guztiei erantzuteaz gain. Lehenengo egunetan laguntza handia izan nuen, lankide batekin batera egiten nituen lan guztiak mekanikak ulertzeko eta segituan pixkanaka autonomia hartzen joan nintzen.

Enpresako gure adarra taldeetan banatzen da, talde bakoitzak makina bat ateratzen du aurrera, nire instruktorea talde horietako baten burua da, taldea antolatzen du eguneroko lanean eta bezeroarekin harreman estuan ibiltzen da. Egun hasieran egiten dugun bileran lanak banatzen ditu eta gero makina aurrera ateratzeko beharrezko kontuetan ibiltzen da. Instruktorea egunean zehar ez da nire alboan egoten, baina ez dago beharrik, edozein unetan zalantza edo arazorik izan ez gero beregana joan naiteke baina lankideen laguntza askotan nahikoa izaten da, hala ere egunean zehar sarritan etortzen da guregana konturen bat azaltzera edo besterik gabe makina zer moduz garatzen ari den ikustera.

Ez dago aspertzeko astirik, lana barra-barra dago makina garaiz entregatu behar da eta, egun bateko lana garaiz lehen bukatu ez gero instruktoreari gehiago eskatu besterik ez dago. Eta instruktoreak une zehatz batean zuretzako lanik ez badu beti daukazu aukera lankideren batekin jarri eta harek egiten duena ikusiz eta lagunduz ikasteko. Behin kasualitatez lankideak eta instruktorea kanpoan ziren bilera batean eta lanaldia amaitzeko ordu erdi falta zenez oraindik eta egun horretarako lana amaitu nuenez erratza hartu eta gure txokoa garbitu nuen, beti dago zeregina.

Mondragon Assemblyn eginiko lanetan, zikloan ikasitakoa erabili duzu? Zer bai eta zer ez?

Bai asko erabili dut, planoen interpretazioa, torlojuen izendapena, zulo ariztatuak nola egin, konektoreak jarri kableei, zirkuitu neumatikoak osatu… lan mekaniko asko. Ikasitako guztia ez dut erabili izan ere montaia mekanikoa izanik adibidez PLC aren programazioa ez dut erabili gure lanean ez bait da sartzen.

DUALean, zelan zure esperientzia, ikasi+lana? 

Denbora soberan dago aprobetxatzen baduzu, lehenengo urtean kurtsoaz gain euskaltegian C1 titulua atera nuen eta astean 4 aldiz kirola egitera joaten nintzen alboko herrira. Etxean ere lan egin behar zen baina ez zen gehiegizko ezer. Bigarren urtean etxean askoz lan gutxiago egin behar da dena praktikoagoa baita, eta gelako denbora aprobetxatu ezkero ez duzu ia lanik egin behar etxean eta lanetik bueltatu ondoren denbora daukazu zure kontuetarako.

Beraz, DUAL programa guztiz gomendatuko nuke.

Eta etorkizunari begira ze asmoak dituzu?

Puntako enpresa batean nere garapen profesionala jorratzen jarraitu nahi dut.

 

Eskerrik asko Jon Ander gurekin zure esperientzia partekatzeagatik. Zorte on!

Exit mobile version