Aitor Iciar, MGEP GMHZ Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko Mekalkiko langilea den ikaslearen testigantza
Mekanizazioko erdi mailako zikloa egin ondoren (1999/2000) eta 22 urtez Mekalki S.Coop-en lanean egon ondoren mekanizazioko langile lanetan, 41 urterekin Arrasateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP) Goi mailako heziketa zikloa (GMHZ) Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa egitea erabaki nuen. Mekalki 1993an sortu zen kooperatiba da, eta piezen mekanizazio integrala egiten du. Hainbat sektoretan lan egiten dugu, hala nola eolikoan, automobilgintzan, ekipo-ondasunetan, makina-erremintan, etab.
Zergaitik erabaki zenuen ikasketa hauek egitea?
Ikasketak goi mailako ziklo batekin jarraitzea erabaki nuen, hainbat arrazoirengatik: erdi mailako jarraipenaren bide naturala da, gauza gehiago ikasteko interesa nuen lanean ezartzeko, baita nire curriculuma hobetzeko ere, inoiz ez baita jakiten nola jokatuko duen mundu industrialaketa, eta azkenik, momentua zalako.
Zergatik MGEP?
MGEP aukeratzea erabaki nuen, aspalditik ezagutzen nuelako eta banekielako erabiltzen duten prestakuntza, irakasleak eta ekipamendua oso onak direla.
Lana eta ikasketak uztartzeari dagokionez, ia lanaldi osoan aritu naiz enpresan ikasten ari nintzen bitartean, batez ere lehen ikasturtea gogorra izan da niretzat eta nire familiarentzat. Asteburuetan eskolako gauzak egin behar bainituen familiarekin egoteko denbora kenduta. 2. mailan berriz askoz eramangarriagoa izan da, erdi-mailako ikasketak egin ditugunok konbalidatutako irakasgai dezente baititugu.
Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, ekipo-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue. Zer nolako erronkak egin dituzue?
Bi ikasturteetan zehar, hainbat erronka egin ditugu, eta lanaz gain, txostenak, aurkezpenak, bideoak eta posterrak egin behar izan ditugu; beraz, alderdi teknikoaz gain, gauza asko ikasi eta aplikatu behar izan ditugu eta aberasgarria iruditu zait. Erronketan, talde lana egin behar izan dugu, horrek dakartzan abantaila eta eragozpenekin, azken emaitzarako beste kide batzuen lanaren mende egon behar izatearekin alde batetik, baina bestetik ikaskideen lanari esker gauza asko aurreratu daitekeela. Hala eta ere, guztiz baliagarria, gero enpresan bizitzen diren egoera antzekoak baitira, erabili beharko dugun zerbait dalako dudarik gabe.
Nola baloratuko zenuke esperientzia hau?
Esperientzia oso positiboa izan da. Bi ikasturte hauetan alderdi teknikoari buruzko gauza asko ikasi ditut, eta nik ere enpresan lanean dudan esperientzia eman dut. Alderdi teknikoez gain, txostenak, aurkezpenak, talde-lanak egiteak, gazteekin lan egiteak ekarpen handiak egin dizkit, eta lehen ezagutzen ez nituen gauzak garatu ditudala esan beharra daukat.
Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa titulazioan, mekanizazio eta konformazio tekniketan eta abarretan sakontzeaz gain, ekoizpenaren kalitateari eta programazioari buruzko kontzeptu garrantzitsuak ikasi ditut.
Titulazio horrekin jarraitzea gomendatuko nuke mekanizazioko erdi-mailako gradua egin dutenei; izan ere, esan dudan bezala, erdi-mailako ezagutza teknikoak zabaltzen dira eta kudeaketa kontzeptu oso garrantzitsuak ikasten dira, enpresen barruan aurrera egin nahi bada. Nire esperientziaren arabera MGEPek oso baliabide tekniko eta irakasle onak ditu, maila onekoak, eskarmentudunak, arreta onekoak, bakoitzari nahi duen guztia aurrera egiteko aukera ematen diotenak.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu