Julen Badiola Olarte, Mekatronika Industrialeko Goi milako Heziketa Zikloa (GMHZ) ikasi zuen MGEPen, eta orain Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi Mailako Heziketa Zikloko praktikak ari da bukatzen Biele enpresan, Azpeitian.
Berak dioenez, hasiera batean Graduan hasi zen, baina gustuko ez zuenez, Mekatronika Industrialeko Goi Mailako Heziketa Zikloa egitera animatu zen. Oso gustura ibili zen, gainera, DUAL eredua egiteko aukera izan zuen. Ondoren, pandemia garaia zela eta, egoera nahiko xelebrea zela eta, beste ziklo bat egitea pentsatu zuen, prestakuntza osoago izan asmoz, eta Diseinu Mekaniko zikloa egitea erabaki zuen. Honetan ere gustura ibili da. Gainera, berriro ere Dual eredua egiteko aukera izan du, aurreko zikloan egondako enpresa berean, Bielen, Bertan oso gustura ari da lanean, eta lankideekin ere oso harreman ona du.
Julenek ia hiru urte darama Biele enpresan: hasieran, laguntzaile bat jarri zioten lehenengo egunetan apur bat gidatzeko eta laguntzeko, eta lan mota desberdinak irakasteko, baina segurtasuna hartu ahala, gauzak bere kabuz egiten utzi diote, eta asko ikasi du horrela ere. Muntaia mekanikoan aritu da orain arte, eta makina desberdin guztietatik pasa arazi dute gauza ia denak ikusi eta ikasteko. Bere lana, ematen dizkioten planoak aztertu eta makina muntatzea da, era nahiko autonomoan, eta zalantzaren bat izanez gero, beteranoei galdetzen die. Gero eta seguruago sentitzen da egiten duenarekin, baina beti agertu daiteke arazoren bat: makina bakoitza erronka bat da, eta agian erronkei aurre egitea da Julenek gustukoen duena.
Bere lanaren beste aspektu bat, oso gustuko duena, da linea edo kate bakoitza muntatzeko talde bat egoten dela, arduradun batekin, eta taldean aritzea ezinbestekoa dela amaieran guztia martxan jartzeko.
Muntaian ibiltzen denez, Mekatronikako formazioa beharrezkoa zaiola ikusten da, baina Diseinuko zikloan ikasitakoak ezertarako balio zaio? galdetzen diogu, eta zera erantzun digu: “Diseinuko zikloan ikasitakoa oso erabilgarria izan zait muntaiarako, egun osoa planoak ikusten eta ulertzen gabiltza, eta 3D-ko multzoak ere izaten ditugunez bertan neurriak hartzeko eta gauzak egin ahal izateko, oso baliagarria izan zait”.
Dualean ikastearekin oso pozik agertu da: “Bi gauza batera egiteak beti eskatzen du esfortzu extra bat, baina erraz egiten da gogoa izanez gero. Gauza da, batzuetan iluntzean egin behar direla lanak eta ikasketak, arratsaldez lanean egoten baitzara, baina eramangarria da. Azkenean, ordea, besteekiko lan esperientzia askoz konpletoagoa lortzen duzula uste dut, eta hori enpresentzat oso-oso baliagarria da“.
Azkenik, eta ikasketetara bueltatuz, MGEP-en ETHAZI metodologia erabiltzen da, Ikasi eginez, eta kurtsoan zehar hainbat erronka eta proiektu txikiagoak edo handiagoak egiten dira. Bi ziklo hauetan, urtea bukatzen da erronka potoloago bat eginaz: Mekatronikan, igogailu bat egin zuten, zeinek “igo”, “jaitsi”, “gelditu” eta “piztu/amatatu argia” botoiei erantzuten zien, eta abiadura helmugarekiko distantziaren arabera egokitzen zuen; Diseinuan, bestalde, bigarren mailan skate bat diseinatzen da, forma eta tamaina helburuei egokituz (umeentzako izan daiteke, edo abiadura hartzeko, figurak egiteko…), eta gero, moldeak CNC erabiliz mekanizatu, eta taula zuntzaz egiten da, karbonozkoak edo, aurten, lihozkoak, eta “truck” izeneko pieza aluminioa galdatuz egiten da. Ikasitako gaiekin eta bizitza errealeko kasu praktikoekin lotura duten erronkak dira, eta ikasleei asko gustatzen zaizkie. Esperientzia positibotzat jotzen du Julenek, taldean lan egiteko aukera ematen duelako eta jende desberdinekin nola funtzionatu ikasten delako.
Zer dela eta azpeitiar bat Arrasatera etorri ikasten? “Lehengusuak eta lagun askok bertan ikasi zuten, eta oso giro ona eta euskalduna zegoela esan zidaten. Enpresetara begira ere, MGEPek harreman asko duela; beraz, bertan egitea erabaki nuen. Beste lekuetako jendearekin ere, oso harreman ona izan dut, nahiko irekia naiz alde horretatik”