Aritz Agirre Galdosekin egon gara. Aritz, Automatizazio eta Robotika Industrialeko goi mailako heziketa zikloa egiteaz gain, Mekatronika Industriala ikasten ari da MGEP-en, ibilbide formatibo betea, bi goi mailako heziketa ziklo industrialekin. Hemen uzten dizuegu bere testigantza:
Zergatik animatu zinen Goi Mailako Heziketa Ziklo bat egitera?
Industria munduan sartzea nahi nuen baina hasieran ez neukan garbi zer ikasi. Ingenieritza bat ikastea neukan pentsatuta, batxilergotik irtenda jende gehienak hori gomendatzen baitizu, baina nik ez neukan batere garbi, ate irekietara joan nintzen eta ez nuen neure burua bertan ikusi. Orduan, goi mailako zikloak begiratzen hasi nintzen eta ate irekietara joan ondoren, argi ikusi nuen goi mailako ziklo bat ikasi nahi nuela.
Bai ingeniaritzak bai goi mailako zikloak dute industriarekin lotura handia dute, baina nik ikusi nuenaren arabera, goi mailako zikloak nik bilatzen ari nintzen praktikotasun dimentsio handiago bat eskaintzen zidaten. Momentu hartan nik hori behar nuen. Horregatik automatizazio eta robotikako industriala goi mailako zikloa ikasi nuen eta hori bukatu ondoren, ingeniaritza baten sartu beharrean, beste goi mailako ziklo bat egitea erabaki nuen, mekatronika industriala hain zuzen, orain ikasten ari naizen titulua.
Zergatik MGEP?
MGEP gomendatu egin zidaten, familian eta lagun artean, empresekin duten loturagatik bereziki, Argi neukan DUAL aukera nahi nuela.
Heziketa ziklo honetan ETHAZI metodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, ekipo-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue. Zer nolako erronkak egin ituzue?
Taldetan batuz, erronka desberdinak egin ditugu. Makina muntai desmuntaia, robota, zulatzailea, etab. teorian ikasitakoa praktikan jarriz. Esperientzia oso ona izan da eta atera begira ez naiz damutzen hartutako erabakietaz.
DUAL-a egiten ari zara? Non?
ULMA Packaging-en nabil DUAL-ean. Muntai lanak egiten ditut bertan eta oso gustora nabil. Lankideek oso ondo onartu naute. Nire kabuz ibiltzen naiz lanean, baina edozein zalantza edo laguntza behar dudala beti daude laguntzeko prest. Instruktoreak lana banatzen du eta lan banaketaren arabera muntai bat edo beste bat egiten duzu. EPIak banatu zizkiguten eta erabili beharra dago. Lanean bertan PRL formazio bat eta karretillen formazio bat ere jaso ditut. Lan munduan gero zure esku dago ea neurriak ondo betetzen dituzun edo ez. Ez da batenbat denbora guztia zure gainean egongo, zuk dakizunaren arabera jokatu behar duzu ahalik eta seguruen.
Ulma Packaging-en makinen muntaiak egiten dira. Gure arloan, proiektuaren arabera, makina muntai desberdinak egiten dira. Proiektu ia guztiak desberdinak dira eta beti dago aldaketaren bat.
Enpresa munduan beti ikasten da gehiago. Lan munduak zela funtzionatzen duen batez ere. Egiten duzun guztiak du garrantzia baina onena lasai hartzea da eta zure burua presiopean gehiegi behintzat ez jartzea.
Erabili al duzu enpresan klasean ikasitakoa?
Gauza batzuk zikloan ikasitako gauzak izan dira, baina beste gauza asko lanean ikasi ditut, lan munduan industria abanikoa asko handitzen baita. Baina daukazun oinarriarekin, eta jarrera eta gogoarekin, egoera berrietara moldatzeko gaitasuna hartzen da.
Ez da nire lehenengo lan esperientzia izan, orduan gutxi gora behera espero nuena izan da. Hala ere esan beharra dago oso gustura nagoela. Ondo egongo litzateke lanean jarraitzea.DUAL esperientzia oso ona izan da. . Eta lan munduan diru sarrera bat izateaz gain, asko ikasten da. Guztiz gomendagarria! Eta orain, etorkizun hurbilean lan munduan murgiltzea pentsatuta daukat. Bi ziklo ditut jada eta nire asmoa, bi ziklorekin lan munduan murgiltzea da.
Eskerrik asko Aritz gurekin zure testigantza partekatzeagatik! Eta nola ez, zorte on!