“Lanbide Heziketako praktikak Europan egin ditugu 3 hilabetez, eta aukera ezinhobea da. MGEP bidelagun izan dugu momentu oro, eta bai ni eta bai etxekoak lasai egon gaitezke, antolaketa paregabea da.”
Mikel Aspe (Aramaio), Unax Urtegi (Legazpi), Unai Bengoetxea (Elorrio), Julen Barandiaran (Arrasate) eta Jon Aranzabal (Oñati) Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako ikasleek euren zikloari dagozkien praktikak Europako enpresatan egin dituzte martxotik ekainera bitartean, eta euren esperientzia kontatzera datoz jarraian.
Mikel Aspe, Mekatronika Industriala (Rzeszow, Polonia): betidanik izan dut atzerrian denboraldi batez bizi eta lan egiteko ametsa, eta Erasmus bekari esker lortu dut. Bekari esker, bi dirulaguntza izan ditugu, bata, Europar Batasunekoa, eta bestea, Eusko Jaurlaritzarena.
Unax Urtegi, Automatizazio eta Robotika Industriala (Cracovia, Polonia): “non lan egingo duzu? non biziko zara? norekin? ze baldintza bete behar dituzu Erasmusen joateko? ba al dago dirulaguntzarik ?” Nire gurasoek galdera asko zituzten buruan, baina MGEPek duen “Nazioarteko Harremanetarako Bulegoa”-n zalantza guztiak argitu zizkiguten, gure lasaitasunerako.
Julen Barandiaran, Mekatronika Industriala (Rzeszow, Polonia): atzerrira joan baino lehenago, zein enpresan lan egingo duzun komunikatzen dizute, zein ikasle-erresidentzian biziko zaren, eta Euskadiko Lanbide Heziketako beste zein ikaslerekin egongo zaren bertan. Prozesu eta egonaldi guztian zehar, 3 tutore izan ditugu bidelagun: bat, MGEP-en, bestea, atzerriko enpresan, eta hirugarrena, MGEP-ek Polonian duen agentzia kolaboratzailean.
Unai Bengoetxea, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua (Praga, Txekiar Errepublika): urte t’erdiz Arrasaten ikasi ostean, praktikak Pragan egitea bizitza guztirako esperientzia izan da. Gainera, Europako beste hiri batzuk ezagutzeko ere aprobetxatu dut egonaldia.
Jon Aranzabal, Mekatronika Industriala (Cluj-Napoca, Errumania): Oñatiko Ulma Packaging enpresan Dual modalitateko ikaslea izanik, Erasmus bekaren bitartez nire dual prozesua Ulmak berak Errumanian duen filialean burutu dut, eta aberasgarria izan da beste lurralde batean nola egiten duten lan eta nola bizi diren ikustea.
Manex Arrieta, MGEPeko Lanbide Heziketako Erasmus+ programaren koordinatzailea: Erasmus+ bekak geroz eta erakargarriagoak dira gure ikasleentzat. Praktikaldiak atzerrian egiten dituzten gure ikasleek heldutasun maila altua erakusten dute prozesua amaitu ostean, hala pertsona, nola profesional gisa, eta norberaren kurrikulumari ere balio erantsia ematen die.
Ikasle askok atzerrian praktikak egin dituzten enpresaren aldetik lan eskaintzak izaten dituzte euren praktikaldiak amaitu ostean. Hala ere, gehienak etxera itzuli eta beste ziklo bat ikasten edota ingeniaritza ikasten hasten dira.
MGEP, Euskadiko Lanbide Heziketako beste 30 ikastetxerekin batera, HETEL elkartearen kide da, eta HETELek Europako estatu bakoitzean agentzia kolaboratzaile bat dauka. Hauen bitartez lortzen da atzerrira doan ikasleak joan baino lehenago jada lotuta izatea praktiketako enpresa, ostatua eta izan dezaken beste edozein behar berezi edota pertsonali erantzutea.
Aurreko urteetako ERASMUS+ testigantzak: