Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren (MGEP) Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko (PPFM) goi-mailako heziketa-zikloaren erronka COPRECI enpresarekin lankidetzan
Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko (PPFM) goi-mailako heziketa-zikloko lehen mailako ikasleak COPRECI enpresa bisitatu zuten, bai Aretxabaletan duen egoitza, bai Arrasaten duten forjaketa-planta, ETHAZI ikaste-metodologiaren oinarri diren erronka bat burutzeko.
Bisita egin aurretik, ikasleek etxetresna elektrikoetarako balbulen diseinua eta fabrikazioaren azterketa egin zuten beraien kabuz, taldeka. Proiektu honetarako, Coprecin fabrikatzen direnetariko balbula bat hautatu zen (1. irudia), eta ikasleak arduratu ziren balbulen fabrikazio-prozesu osoa aztertzeaz: trokelen diseinua, produktuaren forjaketa-prozesuaren simulazioa, transfer makinen bidezko mekanizazioa azken piezara iritsi arte (makina, estazio kopurua eta tresna aproposak) mekanizazio-denborak murriztu asmoz. Hori guztia fabrikazio-arrisku posibleak kontuan hartuta eta arrisku horiek arintzeko gauzatu beharreko ekintzak aztertuz.
Erronka landu ondoren, ikasleek Copreciko adituen aurrean aurkeztu zuten lana, beraiek prestatutako transparentziak erabiliz. Adituen ekarpenak eta egindako lanen balorazio positiboa jaso ondoren, ikasleak mekanizazio-gunera joan ziren estanpazio-trokelak eta ikasitako pieza fabrikatzeko erabiltzen diren makinen eta erreminten errealitatea ezagutzeko, baita egunero Coprecin fabrikatzen diren piezen kopurua ezagutzeko ere. Mekanizazio-gunea bisitatu ondoren, estanpazio-plantara joan ziren, eta han ikusi zuten prozesua eta zer tratamendu behar duten balbulek azken mekanizazioa egin baino lehen.
Bisita honekin, zikloan zehar ikasitako gaiekin lan egiten duen enpresa bat ezagutzeaz gain, ikasleek lehengo modu teorikoan eta ondoren, modu errealean, pieza baten fabrikazio-prozesuaren errealitatea ezagutu ahal izan dute hasieratik amaieraraino. Industriatik hurbilen dagoen erronketako bat da, eta, beraz, Produkzioaren Programazioa heziketa-zikloko ikasleentzat aberasgarrienetakoa.