DUAL Formakuntzako testigantzak Fabrikazio mekanikoan, erreferentzia bat MGEP-en
Larraitz Gasca Pascual eta Ainara Arco Garikagoitiari eginiko elkarrizketa dakarkizuegu. Lehen ikasturtea kalifikazio oso onekin gainditu ostean, Modragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP) fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa goi mailako zikloko bigarren urtean dihardute bi ikasle hauek. Ikasturtearen amaierari eta DUAL formakuntza aldi trinkoaren hasierari ilusioz egingo diote aurre.
Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa zikloko bigarren uretan diharduzue, ¿Zeintzuk izan ziren MGEP aukeratzeko arrazoiak?
LARRAITZ: Alde batetik, Arrasatera etorri nintzen bizitzera nire bikotearekin, eta ingurune honetako industria mota eta enpresa desberdinak aztertu nuen, lan baldintza onenak eskaintzen zizkidatenak zeintzuk ziren ikusteko. Azkar konturatu nintzen, Arrasate- Oñati ingurunean fabrikazio mekanikoan diharduten enpresa kopurua oso altua dela, eta haietan lan egiteko formakuntza behar izango nuela.
Beste aldetik, ziklo hau hasi aurretik, elikagaien industrian aritu nintzen lanean, I+D eta kalitateko departamentuetan, gastronomiako gradua eta elikagaien industria espezializazioetako ikasketak gainditu ondoren. Lanean ari nintzela, kalitate-eremuak oso gustuko nituela ikusi nuen eta horrek ziklo hau aukeratzera eraman ninduen, kalitatearekin erlazio zuzena duelako.
MGEP formakuntza zentro bezala aukeratzeko arrazoi nagusia, daukan entzute ona da. Nire ikasketak DUAL formatuan egiteko aukera ere oso interesgarria iruditzen zitzaidan, enpresa munduarekin harremanetan, eta MGEP-ek aukera hori bermatzen zidan inguruko enpresekin duen erlazioarengatik.
AINARA: Aurretik egiten nuen lanak ez ninduen batere motibatzen eta hau izan zen ziklo hau ikasten hasteko arrazoi nagusia, lanbidez aldatu nahi nuelako. Bestalde, produkzio industrialak ere beti sortu izan dit jakinmina eta gai honekin zerikusia zuten ikasketak egiteko gogoa nuen.
Eskolan ibilitako lagun batzuk gomendatu zidaten MGEP formakuntza zentro bezala aukeratzea. Nire formakuntzarako beharrezko diren instalazio industrial egokiak ditu eta oso harreman ona inguruko enpresekin, eta horrek ikasketak DUAL formatuan egiteko aukera eskaintzen zidan.
Zer iruditu zaizkizue landutako ikasgaiak? Zailak izan al dira?
AINARA: Ikasgaiek ikuspegi teoriko eta praktikoak jorratzen dituzte aldi berean eta horrek asko laguntzen du gauzak ondo ulertzen.
Hasieran kosta egin zitzaidan martxa hartzea, niretzat gai guztiak berriak zirelako. Baino eguneroko lanak eta irakasleek eskaini didaten arretak asko lagundu didate eta kurtsoa aurrera eraman ahal izan dut arazo gabe.
Erronketan oinarritutako ikasketa eredua ere oso baliagarria iruditu zait. Bizitza errealean aurkitu ahal izango ditudan egoera desberdinak ikusteko aukera eman dit, eta horrek asko laguntzen du gauzak ondo ulertu eta ikasketei aplikazio erreal bat antzematen.
LARRAITZ: Orokorrean, ikasgai batzuk beste batzuk baino gehiago gustatu zaizkit, batez ere zailtasuna eta aurretik nuen ezagutza maila kontutan eduki ondoren.
Trigonometria eta kalkuluarekin zerikusia zuten ikasgaiak besteak baino zailagoak iruditu zaizkit, aurretik inoiz landu ez nituelako. Baino ikasturtean zehar nahiko erraz gainditu ahal izan ditut, denbora eskaini eta lan apur bat egin ostean.
Erronketan oinarritutako ikaste eredua ere lagungarria iruditu zait oso, mekanizazio zikloko ikuspegi orokor bat izaten laguntzen dizulako, atal desberdinak, bata bestearekin erlazionatuaz.
Nolakoa izan da irakasle eta beste taldekideekin izandako harremana?
AINARA: Irakasle taldearekin izan dudan harreman oso ona izan da. Behar izan dugunean hor egon dira, guri laguntzeko prest, esperientzia handia duen taldea da.
Taldekideen kasuan, adin desberdintasuna dela eta, hasieran, beraiekin izango nuen harremana zailagoa izango zela uste nuen, baino egia esan, ez da horrela suertatu, beraiekin, harreman ona izan dut denekin, talde ona osatu dugu.
LARRAITZ: Irakasle taldearekin oso harreman ona izan dut, beti egon baitira niri laguntzeko prest, kasu batzuetan ikasgelatik kanpoko orduetan. Arlo teknikoan adituak dira, eta horrek ikasgai edo erronketan landutako gaiak hobeto ulertzen lagundu dit. Irakasle batzuk enpresa mundutik datoz eta ezagutza teorikoez gain, ezagutza praktikoa ere badute, eta ikasgaiak ikuspuntu praktikoago batera eramateko gaitasuna dute.
Klasean osatu dugun taldean izan dugun harremana itzela izan da. Hasieran, bai emakumea izanagatik, bai helduagoa izanagatik talde barruan sartzea kosta egingo zitzaidala pentsatu nuen, baino gero, klasean 4 neska izango ginela jakin nuen. Beste ikaskideek, nahiz eta adin txikiagokoak izan, oso tratu adikorra eskaini didate eta azkenean oso ondo moldatu gara elkarrekin.
Zikloan zehar ikasitako eduki teoriko eta praktikoei erabilerarik ateratzeko gaitasuna izango duzuela pentsatzen al duzue?
LARRAITZ: Oraintxe bertan DUAL aurreratua programaren barruan nago, Fagor Automation enpresan, kalitateko departamenduaren barnean. Kalitatea eta metrologiako klaseak oso baliagarriak suertatu zaizkit, erabili behar ditudan ekipo desberdinei buruzko ezagutzak aurretik nireganatuak nituelako. Fagorren, klasean ikusitako gai asko praktikan jartzen ari naiz, eta horregatik, zikloa enpresa mundura oso bideratuta dagoela esan nezake.
AINARA:Noski baietz, oraintxe bertan ni ere DUAL aurreratua egiten ari naiz Neoprec enpresan, eta klasean ikusitako gauza asko aplikatzen ari naiz nire eguneroko lanean.
Nahiz eta enpresa bakoitzak bere egiteko modu partikularrak dituen, zeinbat ezagutza orokor aurretik izan ez banitu, askoz zailagoa suertatuko litzaidake lan-postu desberdinetara egokitzea.
Beraz, ikasketen eta enpresa esparruan eginiko praktiken konbinazioa aberasgarria suertatu zaizue…
AINARA: Bai, ikasketa mota hau aukeratu izanaren arrazoietako bat horixe izan da hain zuzen, ikasketa eta enpresetan egindako praktikak konbinatzeko aukera, eta ez daukat hartutako erabakiaz damutzeko inongo arrazoirik.
Neoprec-en oraintxe bertan, lan-postu desberdinetan dihardut: Kalitatea, Rebaba, Tool Room, FMS,… Lan-postu hauetan lan egiteko modu desberdinak ikasten ari naiz eta hori oso esperientzia aberasgarria da.
LARRAITZ: Bai, aukera oso aberasgarria da, zikloan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eskaintzen baitu eta era honetan, gutxika esperientzia irabazten zoan mekanizazio esparruan. Praktikak eta ikasketak konbinatzeak, organizazio gaitasuna ere eskatzen du eguneroko bizitzan bi gauzak batera egin behar direlako, eta hau ere aberasgarria iruditu zait.
Ze plan duzue etorkizunari begira?
AINHARA: Etorkizunean metal esparruan lan egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, nire garapen profesionala aurrera eramanaz. Nire ezagutza eta esperientzia enpresei eskaintzeko aukera izatea.
LARRAITZ: Etorkizunean Fagorren, edo antzeko enpresa batean, profesionalki garatzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Egiten dudan lana eta enpresako lan-giroa asko gustatzen baitzaizkit eta horrek profesionalki eta pertsona moduan hazten jarraitzeko aukera onak eskaintzen dizkidalako.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu