Mondragon formación profesional

Mekatronika industriala: “Zuk gustuko duzuna ikastea oso garrantzitsua da”

Aimar Calvo Altuna, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Aimar Mekatronika industrialeko goi mailako zikloko bigarren urtea burutzen ari da, DUAL aurreratua formatuan.

 

Mekatronika industrialeko goi mailako heziketa zikloa ikasten zabiltza, zergatik aukeratu zenuen MGEP?

Hiru izan ziren arrazoi nagusiak. Alde batetik, ikasketak ni bizi naizen herrian egin nahi nituen, Arrasaten alegia. MGEP-ek inguruko enpresekin, eta batez ere kooperatibekin, duen harreman estua ere faktore erabakigarria izan zen zentroa hautatzerako garaian, horrek lan munduan ateak irekitzen dizkizulako. Azkenik, argi neukan ikasketak eta praktikak uztartu nahi nituela eta MGEP-ek DUAL formatuan ikasketak egiteko aukera eskaintzen zidan.

Beraz, zikloko bigarren urte hau DUAL aurreratua formatuan egiten ari zara…

Bai, hori da. Aurreko urteko uztailetik FAGOR Automation enpresan nago lanean. Goizean klasera etortzen naiz Eskolara, eta arratsaldean enpresan lan egiten dut. Enpresan izan dudan harrera oso ona izan da eta gauzak asko erraztu dizkidate, ikasketetara moldatzeko ordutegian flexibilitatea eskainiz. Hasieran ikasketak eta praktikak batera egitea kosta egingo zitzaidala uste izan nuen, baino ez zait batere nekeza iruditu, oso ondo moldatu naiz.

Ikasketak eta landutako gaiak, nolakoak iruditu zaizkizu, zailak edo errazak?

Ikasten dudana eta FAGOR-en egiten dudan lana asko gustatzen zaizkit eta arrazoi horregatik ikasketak erraz gainditu ditut, inongo arazo gabe. Duela urte batzuk, batxilergoa edo zikloak aukeratu behar izan nituenean, nik oso argi izan nuen zikloetarantz egingo nuela, hori bait nuen gustuko: elektrizitatea eta mekanika. Oso garrantzitsua da benetan gustuko duzun hori ikastea. Hala denenean, motibazio eta ilusioak ikasketa prozesua asko errazten dute.

Zer goraipatuko zenuke MGEP-en izandako esperientziaren inguruan?

Batez ere erronkak eta talde lana. Bi elementu hauen konbinazioa etengabean jorratu dugu bi urte hauetan. Taldean lan egitea ez da beti erraza, jendeak interes eta izakera desberdinak dituelako. Helburu orokor bat eta erronka bat aurrera ateratzeko taldea kudeatzen ere ikasi behar da, hau da talde lana ondo egiten jakitea, eta gero, horrek asko laguntzen dizu enpresan zaudenean.

Exit mobile version