Sareko Informatika Sistemen Administrazioa: “Ikasteko motibazioa norberarena denean, lan egin eta emaitzak onak lortzea errazagoa da”


Maider Valdezate fernández, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Maider, Sareko Informatika Sistemen Administrazioa (ASIR) zikloko bigarren urtea burutzen ari da DUAL aurreratua formatuan.

 

Sareko Informatika Sistemen Administrazioko goi mailako zikloa (ASIR) egiten ari zara, zergatik aukeratu zenuen ziklo hau egitea?

Batxilergoa bukatu nuenean zuzenbideko gradua egiten hasi nintzen, baino ez nuen batere gustoko izan, ez nuen nire burua etorkizunean arlo horretan ikusten. Hori dela eta eremu profesionala aldatzea erabaki nuen, eta gustuko nuen zerbait ikastea, ikuspegi praktikoagoa zuena. Aukeraketa egiterako garaian bi gauza argi nituen, alde batetik ikasketak Aretxabaletatik gertu egin nahi nituela, eta bestetik, etorkizunean ere etxetik gertu lan egitea nahiko nukeela.

Eta baldintza horiek MGEP aukeratzera eraman al zintuzten?

Bai, hori da, MGEP-ek oso harreman ona dauka inguruko enpresekin eta horrek lan mundurako sarrera asko errazten duela iruditzen zait. Ikasketak DUAL formatuan egiteko aukera ere hor zegoen, eta niretzako, praktikak eta ikasketak uztartzea oso aukera interesgarria zen.

Zer moduzkoa izan da DUAL esperientzia?

Oso ona, lehengo urteko ekainetik SARETEKNIKA enpresan ari naiz lanean eta oso aberasgarria izaten ari da esperientzia hau, klasean ikusitakoa, errealitatean nola aplikatzen den ikusteko balio izan dit. Bestalde, lan egiteak, ikasketak ordaintzeko aukera ere eman didate, beraz  oso gustura nago hartu dudan erabaki honekin.

Zikloa eta ikasgaiak nolakoak iruditu zaizkizu, zailak edo errazak?

Ikasgaiak ondo gainditu ditut, kalifikazio onekin. Ikasteko eta gaien inguruko benetako ezagutza lortzeko gogoa neukan, eta motibazioa norberarena denean, lan egin eta emaitza akademiko onak lortzea errazagoa da. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara, ikasketei ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz. Motibazio askorekin ikasi dut eta orain motibazioa handia daukat etorkizunean lanean hasteko.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu