Automatizazio eta robotika industriala: “Makinetan erroreak topatu eta haiek konpontzea oso gustuko dut”
Beñat Madina Korta, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Beñat Automatizazio eta Robotika Industrialeko goi mailako zikloko bigarren urtea burutzen ari da, DUAL aurreratua formatuan.
Automatizazio eta robotika industriala goi mailako heziketa zikloa ikasten ari zara, zergatik aukeratu zenuen ziklo hau egitea eta zergatik MGEP?
Eskulanak eta mekanika oso gustuko ditut eta ziklo honen aurretik Mekatronika Industriala ikasi nuen. Ondoren ULMA Packaging-en lanean hasi nintzen eta bi urteren ostean, makinen alderdi elektriko eta elektronikoari buruzko ezagutza handitu nahi nuela sentitu nuen, jakinmin horrek automatizazio eta robotika industrialeko ziklora ekarri nau. Aurreko zikloa MGEP-en ikasi nuen eta oso gustura ibili nintzenez ez nuen inongo zalantzarik eduki zentroa aukeratzeko garaian.
Zein izan ziren MGEP-en gustura ibiltzeko arrazoiak?
MGEP-ek inguruko enpresa batean lanean hasteko aukera erraztu zidan eta hori izan da berriz bueltan ekarri nauen arrazoi nagusia. Gertutasunari ere garrantzi handia ematen diot, eta Oñatikoa izanda, MGEP oso gertu daukadan ikasketa zentro bat da. Horretaz gain, erronketan oinarritutako metodologia oso gustuko dut eta baita irakasleengandik jasotako tratua eta laguntza.
Nolakoak iruditu zaizkizu ikasketak, zailak izan al dira?
Ez, aurretik daukadan esperientziak asko lagundu dit, bai Mekatronika ziklotik nakarrenak bai ULMA-n lanena ari nintzela lortu nuenak. Ziklo hau erraz gainditu dudala esango nuke, kalifikazio onekin gainera. Lehen esan bezala, erronkek era asko lagundu didate ikasketa prozesuan, niri makinetan egon daitezkeen erroreak bilatu eta haiei soluzio bat bilatzea gustatzen bait zait, eta erronketan hori egin dugu behin eta berriz, beraz, asko ikasi eta ondo pasa dut.
Ikasketak DUAL aurreratuan formatuan egiten ari zara, zer esango zenuke horren inguruan?
Ba horrek berriz ULMA-ra eraman nauela bueltan. Zikloa egiteko enpresa utzi nuen eta aurreko urteko ekainetik berriz bueltatu naiz. Kasu honetan ni jarri nintzen enpresarekin kontaktuan eta praktika beraiekin egiteko aukera eskaini zidaten, beraz oso pozik nago. Ea etorkizunean bertan lanena jarraitzeko aukera dudan.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu