Julen Uraga, Erasmus+ programaren barruan, DUAL partikak Sofia-n (Bulgaria) burutzen ari da. Julenek Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa goi mailako zikloa burutuko du Mondragon Goi eskola Politeknikoan (MGEP) eta atzerrian egingo ditu azken 3 hilabeteak.
Zergatik aukeratu zenuen zikloa?
DBH amaitu ondoren, mekanizazioa eta zenbakizko kontrola interesatzen hasi zitzaizkidan, eta goi mailako ziklo bat egitea erabaki nuen, alderdi praktikoa eta teknikoa uztartzen dituelako. Egia da, halaber, lan-munduan sarrera ona eta soldata nahiko onak dituzten enpresetan lan egiteko aukera eskaintzen duen zikloa dela.
Zergatik MGEP?
MGEP aukeratu nuen instalazio modernoengatik eta Mondragon kooperatibako enpresekin duen harreman estuagatik. Horrek aukera gehiago ematen ditu praktikak egiteko eta zuzenean lan-mundura sartzeko.
Nola joan dira ikasketak? Nolakoa izan da harremana gelako ikaskideekin eta irakasle-taldearekin?
Hasieran, zaila egiten zitzaidan antolatzea, baina denborarekin ohitzen joan naiz eta ikasteko modua hobetzen joan naiz. Ondo moldatzen naiz irakasleekin, beti laguntzen didate behar dudanean. Taldekideen artean ere giro ona dago; taldean ondo lan egiten dugu eta lagun talde ona osatu dugu.
Zer esango zenuke ETHAZI metodologiari buruz?
ETHAZI metodologiaren bidez, benetako erronkak lantzen ditugu taldean, adibidez: pieza bat ekoizteko prozesua diseinatzea, CAM programazioarekin eta CNC makina baten konfigurazioarekin. Horrek laneko egoera errealetara hurbiltzen gaitu. Esperientzia oso positiboa izaten ari da.
Zergatik erabaki zenuen Erasmus+ programan parte hartzea?
Ikasturtearen hasieran, ERASMUS+ programaz hitz egin zigutenean, interesa piztu zitzaidan. Atzerrian izandako esperientzia batek aukera ematen du beste kultura bat ezagutzeko eta lan-esparruan beste ikuspegi bat lortzeko, hala izaten ari da gainera, aukera ona egin nuen.
Non ari zara lanean?
2025eko martxoan Sofiara joan nintzen, Bulgariara. BRAIKO izeneko mekanizazio-enpresa batean praktikak egin ditut, eta oso esperientzia aberasgarria izan da. Beste ikasle batzuekin bizi izan naiz, eta eguneroko bizitza oso interesgarria eta desberdina izan da, Bulgariatik gertu dauden beste herrialde batzuk ere bisitatu ahal izan ditut.
Zein enpresatan egiten duzu lan?
Braiko Ltd enpresan egin ditut praktikak. Enpresa horrek metalezko piezak egiten ditu, euskarri eta profil gisa, batez ere eraikuntzarako. Sofian dago, Bulgarian.
Zer lan egiten ari zara enpresan?
Piezak neurtzeaz arduratzen naiz, ondo eginda daudela ziurtatzeko, eta makinak egoera onean mantentzen ere laguntzen dut. Piezak aldatzekoa ere bai, ekoizpenean makina elikatuz, bizarrak kenduz…
Zer eman dizu lan-esperientzia horrek?
Erantzukizun pertsonala: Nire lanak garrantzi handia zuen; izan ere, zerbait gaizki ateratzen bazen, talde osoari eragiten zion. Talde-lana: Bakoitzak bere zeregina bazuen ere, besteen mende geunden dena ondo atera zedin.
Zerbaitetarako balio izan dizu zikloan ikasitakoak?
Makinen erabilerari eta piezen kalitatea kontrolatzeko moduari buruz ikasi nuena erabili nuen.
Zer eman dizu esperientzia honek pertsona gisa?
Pertsona gisa ikasi dut arduratsuagoa izaten eta nire prestakuntzan besteekin hobeto lan egiten. Ikasgelan ikasi nuena benetan erabili ahal izan dut benetako lan batean nire lan-etorkizunerako. Orain esperientzia praktikoa dut, eta horrek asko lagunduko dit lana bilatzerako garaian.
Zer asmo dituzu etorkizunari begira?
Lan bat bilatu nahiko nuke, ikasten jarraitu ahal izateko.