Erika Dominguez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) laborategi teknikariaren testigantza dakarkizuegu. Erikak, Lanbide Heziketaren inguruan izandako emakumeen ibilbide profesional eta industriala aitortzen duen Talgo saria irabazi berri du 2025eko edizioan.
Gainerantzeko emakumeentzako eredu izan daitekeelakoan eta Lanbide Heziketan duten presentzia areagotzeko asmoarekin, hemen dituzue gai honen inguruan dituen iritziak:
Zeintzuk dira Talgo sarira aurkezteko baldintzak edo betebeharrak?
Sarira aurkeztu ahal izateko bete beharreko eskakizun ugari dago:
Lehenik eta behin Espainiako lurraldean egoitza fiskala izatea eta jarduera profesionala Espainian garatzen duen emakumea izatea.
Lanbide heziketako titulazioa izatea ere beharrezkoa da, lehentasunez industria-arlokoa (familia hauek: Elektrizitatea eta Elektronika, Mekanizazio Fabrikazioa, Energia eta Ura, Itsas eta Arrantza, edo Instalazio eta Mantentzea).
Gutxienez 5 urteko esperientzia izan behar da industria-arloko lanbide-heziketako profesional gisa. Eta azkenik, lorpen esanguratsuak dituen Ibilbide akademiko eta profesional bat izatea, bai industria arloan, enpresetan, erakundeetan edo instituzioetan, publiko zein pribatuetan.
Zeintzuk izan dira saria ematearen arrazoiak?
Saria, nire ibilbide akademiko eta profesionalaren aitortza bat izan da, beti ere lanbide heziketatik abiatuta, kandidatuak industria-arloan lorpen esanguratsuak lortu izana baloratzen da.
Horretarako, nire curriculuma, motibazio gutuna eta hautagaitza justifikatzen duten lorpenak zehazten zituzten 3 abal aurkeztu nituen.
Helburu nagusia emakumearen papera ikusaraztea eta aitortzea da, industria-sektorearekin lotutako lanbide-heziketan, tradizionalki gizonen nagusitasuna nagusi izan den esparru batean.
Nola ikusten duzu emakumeen presentzia Lanbide Heziketan?
Emakumeen presentzia industria-arloko Lanbide Heziketan oraindik ere mugatua da. Tradizionalki, arlo industrialetan emakumeak gutxi izan dira. Azken urteetan, emakume gehiago sartzen ari dira ikastaro industrialetan. Ikasle eta profesional emakumeen presentziak eragin positiboa du beste emakume gazteentzat, rol-eredu gisa. Hala ere, oraindik gizonezkoen nagusitasuna da nagusi arlo industrialetan, eta genero estereotipoek eragin dezakete emakumeek aukerak hartzerakoan, baita profesionalen gaitasunak ez beti guztiz baloratuta egotea ere. Sariak, mentoritzak eta ekimen bereziak erabilita, emakumeen presentzia areagotzea lortu daiteke, eta lorpen eta ekarpenen ikusgarritasunak inspirazio iturri bihurtzen dira belaunaldi berrientzat.
Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa goi mailako zikloa egin zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia? Zenbat neska zeundeten ikasturte horretan?
Hasieran beste arlo batean ikasi nuen, Gizarte Langintzako diplomatura egin nuen hain zuzen ere. Baina lan falta zela eta, inguruko hainbat enpresa industrialetan hasi nintzen lanean. Orduan konturatu nintzen prestakuntza tekniko sakonagoa behar nuela benetan aurrera egiteko, eta horregatik erabaki nuen nire burua berrasmatu eta etorkizuna, egonkortasuna eta garapen profesionala eskainiko zidan prestakuntza tekniko baten alde egitea. Horrela hasi nintzen Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioan goi mailako zikloa egiten Mondragon Goi Eskola Politeknikoan. Esperientzia oso aberasgarria izan zen, eta ate asko zabaldu dizkit lan munduan eta nire garapen profesionalean. Nire klasean 3 neska ginen bakarrik.
Ba al dakizu, aurten 18 ikasle daudela matrikulatuta ziklo horretan eta horietatik erdia, 9 hain zuzen, neskak direla?
Oso ondo dago ikustea gero eta emakume gehiago garela sektore honetan, non guk ere balioa eman dezakegun eta profesionalki garatu gaitezkeen.
Zer esango zenieke, lanbide heziketa aukeratzeko zalantzak izan ditzaketen neskei?
Ez izan beldurrik aukera industrial edo teknikoak aztertzeko. Lanbide Heziketa industriala ez da soilik gizonezkoen esparrua; emakumeek ere balioa eta ekarpen handia egin dezakegu sektore honetan.
Lanbide Heziketa aukera paregabea da arlo teknikoan trebatzen hasteko, profesionaltasuna garatzeko eta benetako eragina izateko enpresetan eta industria sektorean. Gainera, gero eta emakume gehiago daude eremu horretan, eta horrek inspirazio eta laguntza-sarea sortzen laguntzen du.