Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP) Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko goi mailako zikloko bigarren urtea egiten ari diren ikasleek JMA enpresa bisitatu dute. Bisitak hasiera eman dio datozen 3 asteetan ikasleek landu beharko duten azken erronkari.
Erronka honetan, ikasleek estanpa batzuk diseinatu eta fabrikatu beharko dituzte giltzen modelo jakin batzuk lortu ahal izateko. JMAk bere giltza batzuen planoak eskaini dizkie ikasleei, eta giltzak ekoizteko industria-prozesuak ere erakutsi dizkie: estanpak mekanizatzeko eremua, hotzean eta beroan estanpatzeko prentsak, grabatzeko makinak, ebakitzeko makinak… Ikasleek JMAk bere estanpak diseinatzeko erabiltzen dituzten softwareak eta CAMa ere ikusi ahal izan dituzte, argiak eta oso hurbilekoak izan diren azalpenekin. Argibide hauek erronka aurrera eraman ahal izateko oso lagungarriak suertatu zaikie.
JMA enpresaren eta Eskolaren arteko lankidetzak testuinguru guztiz errealean kokatu du erronka hau, ikaskuntza-prozesua nabarmen aberastuz. Erronka hori amaitutakoan, ikasleek amaitutzat emango dute MGEPen egindako ikas aldia, lanbide-heziketako goi-mailako zikloko titulua lortuko dute. Ordutik aurrera, beste aldi berri bati ekingo diote, eremu profesionalean murgilduta, non beren talentu guztia erakusteko aukera izango duten.