Guillermo Lasa Gabilondo Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Guillermo, Mekatronika industriala goi mailako heziketa zikloa burutu ostean, Industria Mantentzearen Digitalizazioa Espezializazio ikastaroa egiten ari da DUAL intentsibo programa barruan.
Industria Mantentzearen digitalizazioarekin zerikusia duen espezializazio kurtsoan zabiltza, zergatik aukeratu zenuen MGEP?
Izatez Mekatronikako Goi Mailako Zikloa hasi nuen lehenik, beste ikasketa zentro batean, eta bertan gauzatu nuen lehen urtea. Bigarren urteari begira nik DUAL Intentsiboa egin nahi nuela argi neukan, baino zentro horretan ez zidaten aukera hori eskaini. MGEP-en galdetu ostean, Eskolan aukera izango nuela ziurtatu zidaten, beraz, espediente aldaketa bat eskatu nuen eta horrela hasi nintzen, bai MGEP-en ikasketak burutzen, bai DUAL Intentsiboaren programan, ULMA Packaging enpresan.
Eta orain, espezializazio kurtso bat egitea erabaki duzu: industria mantentzearen digitalizazioa.
Hori da, bai. Mekatronikako zikloa amaitu ostean ULMA Packaging-en lanean jarraitzeko aukera eskaini zidaten, baino nik ikasten jarraitzeko asmoa neukan eta mantentzearekin zerikusia zuen espezializazio kurtsoa egitea erabaki nuen. Azkenean, aukera honekin ere, ULMA Packaging-en lanean jarraitzeko aukera izan nuen, berriz ere DUAL Intentsiboa eginaz. Espezializazio kurtsoak, mantentze munduan lan egiteko gaitasun hobeak eskaini dizkit, teknologia aurreratuen bitartez mantentze prediktiborako estrategiak aplikatuz.
Zergatik ematen diozu garrantzia DUAL programari?
Niretzako ezinbesteko aukera bat da. Alde batetik ikasgelan ikusitako kontzeptu teorikoak errealitatean aplikatzeko aukera eskaintzen didalako. Era honetan ikasketa prozesua asko aberasten da. Bigarrenik, DUAL programarekin, enpresa batean lan eginda soldata bat izan dezaket, eta neurri batean behintzat, independentzia ekonomiko handiagoa ikasketak burutu bitartean.
Zaila egin al zaizu ikasketak eta DUAL programa batera gauzatzea?
Nire kasuan ez da horrela izan. Ikasketak eta lana uztartu behar izateak nire agenda hobeto kudeatzen lagundu dit, denborak duen balioa zein den ikusi dut eta jarduerak hobeto antolatzeko gaitasuna garatu dut. Goizean ULMA-ra joaten naiz eta 4 ordu ematen ditut bertan lanean. Gero, arratsaldean klasera nator Eskolara, beste 4 orduz. Antolakuntza on batekin, eta bestelakoa ez den esfortzu batekin, ikasgai desberdinak nahiko erraz gainditzako gai izan naiz.
Ze plan dituzu etorkizunari begira?
Lehenik ikasketak bukatu nahiko nituzke eta ondoren aukera izan ezkero ULMA Packaging-en lanean jarraitu. Enpresan gustura nago, egiten dudana gustuko dut eta lan giroa ona da.