Mondragon formación profesional

Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa: “DUALak ikasgelan eskuratutako ezagutza batzuetan sakontzeko aukera eman dit”

Lucas Da Silva Morerira Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslea elkarrizketatu dugu. Lucas Sareko Informatika Sistemen Administrazioko (ASIR) goi-mailako zikloko bigarren mailan dago, ikasketak DUAL intentsibo modalitatean egiten.

Sareko Informatika Sistemen Administrazioko goi-mailako zikloa ikasten ari zara. Zergatik aukeratu zenuen ziklo hau?

Goi mailako ziklo hau egin aurretik, informatikarekin lotutako erdi mailako ziklo bat ikasi nuen Arizmendin. Ziklo hau egiten ari nintzela Erasmus programan izena eman ahal izan nuen eta praktikak Lisboan egiteko aukera izan nuen. Oso esperientzia ona izan zen, eta informatikarekin lotutako gaiak gustatzen zitzaizkidala ikusten nuenez, MGEPera etortzea erabaki nuen, goi-mailako ziklo bat egitera.

Zer iruditu zaizu zikloa? Nolakoa izan da esperientzia?

Zikloari ekin nionean, argi neukan ikasgai batzuk errazagoak egingo zitzaizkidala, erdi mailako zikloan ikasiak bainituen. Beste ikasgai batzuk guztiz berriak ziren, errespetu handiagoa ematen zidaten. Zikloan zehar, irakasleekin izan dudan harremana oso ona izan da, etengabe lan egin dut, eta kalifikazio onak lortu ahal izan ditut. Esperientzia oso positiboa izan da, etorkizunari begira asko balio izan didala uste dut.

Ikasketak formatu DUAL intentsiboan egin dituzu. Zer nabarmenduko zenuke alderdi horretatik?

Bai, DUAL programak Kiro Grifols enpresan lan egiteko aukera eman dit. Hasi nintzenean, 2025eko ekainean, enpresarekin zerikusia zuten gauza berri asko ikasi behar izan nituen, eta exigentzia handiko garaia  izan zen. Industria-ingurunearekin ohitu naizenean, dena errazagoa izan da. Esperientzia honen gauzarik positiboena egindako lanari esker ikasgelan era orokorragoan ikusi genituen alderdi batzuetan sakondu ahal izan dudala izan da. Gai batzuetan espezializatu naiz eta hau oso positiboa eta aberasgarria izan da. Bestalde, DUAL intentsiboari esker soldata bat jaso ahal izan dut, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela gazteek autonomia handiagoa izan dezaten.

Ikasketak eta lana uztartzea kosta egin al zaizu?

Egia esan, ez. Goizez etortzen naiz Eskolara, eta, ondoren, beste 3 orduz aritzen naiz lanean arratsaldez. Ikasgelan adi egoten saiatzen naiz eta ikasgaiak egunean eramaten. Horrela, nire lanean zentratu naiteke enpresara joaten naizenean eta emaitza akademikoak ere oso onak izan dira.

Zer asmo duzu etorkizunerako?

Oraindik ez daukat argi, bi aukera aztertzen ari naiz. Alde batetik, IT zibersegurtasunean espezializatzeko ikastaro bat egitea gustatuko litzaidake. Bestalde, atzerrian lan egiteko bekak eskaintzen dituen “Global Training” programa batean ere parte hartu nahi nuke.

Exit mobile version