Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa: “Norbaitek zerbait nahi duenean, ahalegindu ezkero lor dezake”
Yohan Toro Giraldo, Mondargon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza , dakarkizuegu. Gaur egun, Yohan, Fabrikazio Mekanikoko Programazioa goi mailako zikloko ikasketak burutzen ari da, ikasketak COPRECI enpresan egiten duen lanarekin uztartuz, DUAL intentsiboa programaren barruan.
Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioko goi-mailako zikloari dagozkion ikasketak amaitzen ari zara. Zergatik aukeratu zenuen MGEP?
Duela 8 urte Kolonbiatik, nire sorterritik, etorri nintzen Euskadira bizitzera. Hasieran Gasteizko logistika enpresa batean aritu nintzen lanean, baina Covid delakoaren ondoren sortu zen krisiaren ondorioz, lana galdu nuen. Langabezian nengoela, lehen kontaktua izan nuen MGEPekin, Lanbidek sustatutako mekanizazio-ikastaro bat egin nuenean. Kurtso honetan hainbat gauza ikusi nituen: Mekanizazioaren esparrua gustatzen zitzaidala, ikasten eroso sentitzen ari nintzela, eta mekanizazioa lan-aukera handiak eskaintzen zituen arloa zela. Beraz, Eskolako hainbat irakaslerekin hitz egin ondoren, goi-mailako heziketa-zikloan izena ematea erabaki nuen.
Nolakoa izan da ikasgeletara itzultzea?
Hasieran gogorra egin zitzaidan, 20 urte ziren nire ikasle etapa amaitu nuela eta kosta egin zait ohitura eta errutina berrietara egokitzea. Niretzat erronka handia izan da, baina ilusioz egin diot aurre. Asko saiatu naiz eta ikasgai guztiak kalifikazio onekin gainditu ahal izan ditut. Oso pozik nago. Irakasle-taldearen babesa sentitu dut une oro, tratu hurbila eta eskuragarria izan dute beti, eta horrek laguntza handia ekarri dit. Bi urtez ikasten egon ondoren, konturatu naiz zerbait nahi duzunean, ahalegintzen bazara, lor dezakezula.
Zer moduz DUAL programa intentsiboan? Erraza egin zaizu enpresako lana eta gelako eskola-orduak uztartzea?
Alderdi hori ere erronka txiki bat izan da, hori guztia nire familia-bizitzarekin uztartu behar izan baitut. DUAL intentsiboak antolaketa behar du batez ere. Goizetan 8: 00etatik 13:00etara etortzen naiz Eskolara. Gero Copreci-ra joaten naiz lanera, beste hiru orduz. Hala ere, DUAL programak eskaintzen dituen abantailak oso nabarmenak dira. Ikasgelako ikaskuntza enpresa-esperientzia erreal batekin osatzeko aukera ematen dizu. Orain uste dut prestatuago nagoela nire etorkizun profesionalari begira.
Zer asmo dituzu etorkizunari begira?
Lehenengo gauza heziketa-zikloa amaitzea izango litzateke. Uste dut honek aukera bat emango didala nire enplegua finkatzeko, ahal izan ezkero Copreci-n, non DUAL programa egiten ari naizen, eta ezin bada beste enpresa batean. Hau da nire lehentasun nagusia une honetan.

+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu