Mekatronika industriala: “DUAL-ari esker enpresan lanean hasteko prest sentitzen naiz”


Oier Zabaleta Rabanete, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Oier Mekatronika Industrialeko goi mailako zikloko bigarren urteko ikasketak burutzen ari da DUAL intentsiboa programaren barruan.

Zergatik aukeratu zenuen Mekatronika Industrialeko ikasketak egitea?

Mikroinformatikako erdi mailako ziklo bat burutu ostean, Automatizazioa eta Robotika Industrialeko goi mailako ziklo bate egitea erabaki nuen. Aukera hau, informatika ardatz zeukaten goi mailako zikloak baino erakargarriagoa egin zitzaidan, praktikoa zelako eta bertan programazioa eta logika lantzen zirelako, eta hori gustuko nuen. Ziklo hori amaitu ostean erabaki nuen ikasketekin jarraipena ematea eta bigarren goi mailako ziklo bat egitea. Kasu honetan Mekatronika Industriala, Robotikarekin lotura handia zuelako eta ziklo horren konplementu on bat izan zitekeelako.

Nolakoa izan da bi ziklo hauen inguruan MGEP-en izandako esperientzia?

Oso ona. Ikasketak nahiko erraz burutu ditut ez dut arazorik izan ikasgaiak aurrera ateratzeko garaian. Batik bat alderdi praktikoa nabarmendu nahiko nuke, praktika eta erronka ugari egin ditugulako, kasu errealen inguruan, eta horrek ikasketa prozesua asko aberasten dut.

MGEP eta inguruko enpresen arteko erlazioa ere nabarmendu nahiko nuke. Erronka batzuk enpresa mundura bideratuta baitaude, eta enpresekin elkarlanean egiten dira, enpresan bertan. Adibidez ULMA Packaging enpresarekin erronak bat egin genuen eta ondoren ikasle batzuk bertan DUAL intentsiboa egiteko aukera izan genuen.

MGEP-ek enpresekin duen hurbiltasun horrek lagundu al dizu?

Bai, enpresekin kontaktua izateak asko lagundu dit. Ez erronketan bakarrik, baita DUAL intentsiboa egiteko garaian ere. Ikasketen zati bat enpresa barruan egiteko aukera izateak enpresa barrutik ezagutu eta nire buruan konfiantza irabazten lagundu dit. Hasieran errespetua nien enpresei, ez nekien nola funtzionatzen zuten, zer lan egin beharko nituen eta lan horiek aurrera ateratzeko gai izango ote nintzen edo ez. DUAL intentsiboari esker, ULMA Pacakging enpresan lan egiteko aukera izan dut, eta enpresa barrutik ezagutzekoa. Lanak arazo gabe aurrera ateratzeko gai naizela ikusi dut. Nire burua edozein enpresetan lan egiten hasteko prest ikusten dut momentu honetan.

Ze plan dituzu etorkizunerako?

DUAL-ak enpresa batean praktikak egiteko aukera eman dit eta lan mundurako sarrera erraztu dit. Oso gustura nago ULMA Packaging-en lanean, etxetik gertu gainera. Lan giroa oso ona da eta enpresari nire talentua eskaintzeko aukera daukadala ikusten dut. Etorkizunean bertan lan egitea gustatuko litzaidake.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu