Ander Plaza Lafuentek bere master bukaerako lana (MBL) aurkeztu digu. Garatu duen maketak iturri desberdinetatik datozen energia berriztagarrien kudeaketa modelizatzea ahalbidetzen du, eskala txikian. Maketa honi esker, Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP) energia berriztagarrien goi-mailako teknikariaren zikloa egiten duten ikasleek ikasgelan ikasitakoa praktikan jarri ahal izango dute, benetako eredu baten gainean. Nahikari Miguelez zikloaren koordinatzailearekin ere hitz egin dugu.
Nola sortu zen maketa hau garatzeko ideia?
ANDER: Maketa hau nire master bukaerako lana izan da. Txikitatik atentzioa eman dit elektronikaren munduak, eta gustuko nuen gaia zenez, Mondragon Unibertsitatean Elektronika Industrialeko Ingeniaritza Gradua ikastea erabaki nuen. Gradua amaitu ondoren, interesgarria iruditu zitzaidan Energia eta Potentzia Elektronikako Masterra egitea. 2025eko irailaz geroztik, maketa hau garatzen ari naiz Master Bukaerako Lan gisa.
Zertan datza maketa? Nola funtzionatzen du?
ANDER: Maketa, energia berriztagarri ezberdinak kudeatzeko gai den sistema baten modelizazio bat da. Lehen fasean, maketa, iturri berriztagarrietatik datorren energia hartzeko gai da: eolikoa, hidraulikoa eta eguzkiarena. Energia hartu ondoren, tratatu eta bateria batzuetan gordetzen du.
Bigarren fasean, maketak hornidura kudeatzen du, eta edozein kargari energia emateko (230V korronte alternoa) gai da, ohiko erabilerarako. Energia-ekarpena baterietatik egiten da, baldin eta bateriek nahikoa energia metatuta badute.
Zeintzuk dira sistema honek eskain diezazkigukeen abantailak?
ANDER: Abantailak argiak dira, energia berriztagarriak erabiliz sareko energia erabiltzea saihesten dugu. Beraz, energia horien erabilera bultzatzen dugu, askoz modu jasangarriagoan sortu ahal izan diren beste energia batzuen aldean. Maketa honek energia berriztagarrien erabilera optimizatzen eta errazten du.
Proiektua zaila izan al da?
ANDER: Proiektu konplexua izan da, master bukaerako lan baterako ohikoa baino gehiago agian, baina konplexutasun hori oso atsegina izan da. Niretzat erronka motibagarria izan da, batez ere fase batzuen garapena, adibidez, energia kudeatzeko algoritmoen programazioa. Orokorrean oso pozik nago azken emaitzarekin, egindako lan eta ahalegin guztiak merezi izan duela uste dut.
Zer erabilera izan ditzake maketa honek energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren zikloan?
NAHIKARI: Gure hezkuntza eredua ikasleei erronka ezberdinak planteatzean oinarritzen da eta maketa honek erronka guztiz erreala planteatzea ahalbidetzen digu. Erronka bat diziplina anitzeko proiektu bat egitearen antzeko zerbait litzateke, non ikasleek praktikan jartzen duten hainbat modulu edo irakasgaitan ikasitakoa. Maketa hau ziklo honen helburu nagusien laburpen argia da, hau da, energia berriztagarriak kudeatzeko gaitasuna: ekoizpena, garraioa, tratamendua, biltegiratzea eta banaketa. Maketa honek alderdi horiek guztiak praktikan jartzeko aukera ematen digu.
Zure ustez, zer abantaila ditu erronketan oinarritutako ikaskuntzak?
NAHIKARI: Abantaila nagusia da ikasleak testuinguru teoriko batetik testuinguru praktiko eta erreal batera igarotzen direla. Horrek nabarmen errazten ditu ikaskuntza-prozesuak, eta kontzeptuak askoz hobeto ulertzeko eta barneratzeko aukera ematen du. Badakigu ikasleek positiboki baloratzen dituztela horrelako esperientziak, benetako arazoak planteatzen zaizkielako eta benetako konponbideak eman behar dizkietelako.
Beste abantaila garrantzitsu bat da ikasleak hobeto prestatuta daudela lan munduan sartzen direnean lan profesionalak egiteko. Benetako tresnak ikusi eta erabiliko dituzte, horiekin lan egingo dute eta hobeto ezagutuko dituzte. Goi mailako ziklo honek ikasleak gaitu beharko lituzke energia berriztagarri desberdinak nola kudeatzen diren ulertzeko. Etorkizuneko profesionalek instalazio horiek muntatzeko, konpontzeko eta mantentze lanak egiteko gai izan beharko lukete. Eta maketa honek 3 energia-iturri mota desberdinekin lan egiteko aukera ematen digu.
Ikaslea behar bezala prestatuta sar al daiteke lan-munduan?
NAHIKARI: Ez dut zalantzarik. Ziklo honetan, ikasleak, jarduera praktikoak ez ditu ikasgelan bakarrik egingo. Ikasgaien zati bat enpresa batean egiteko aukera ere izango du, lan eginez eta soldata baten truke. MGEPen sendo sinesten dugu DUAL intentsibo programan, non ikasleek ikasgelako orduak eta enpresako lanorduak uztartzen dituzten. Zikloa egin ondoren, ikasleek ordu asko igaro izango dituzte benetako lanak egiten; beraz, gure ustez, lan-mundura sartzeko erabat prestatuta egongo dira.