Denisse García Carpio Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarzkizuegu. Denisse, gaur egun, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko goi-mailako zikloko lehen maila ikasten ari da.
Aurten fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioko goi-mailako zikloari dagozkion ikasketak hasi dituzu. Zergatik aukeratu zenuen ziklo hau egitea?
16 urterekin Euskadira etorri nintzen bizitzera Perutik, nire jatorrizko herrialdetik. Berehala argi izan nuen enplegu bat aurkitu ahal izateko ikasketak egin beharko nituela, beraz, estetika eta edertasuneko erdi-mailako ziklo batean izena eman nuen. Ziklo hau egin ondoren, eta hainbat lagunekin hitz egin ondoren, mekanizatuaren munduak arreta eman zidan. Ez du zerikusirik estetikarekin, baina nik jakin-mina sentitzen nuen, beraz, informazioa eskatzea erabaki nuen eta MGEPn galdetu nuen. Hemen Fabrikazio Mekanikoan Produkzioaren Programazioko goi-mailako zikloaz hitz egin zidaten, Eskolako tailerrak eta instalazioak bisitatu ahal izan nituen eta ikusi nuena asko gustatu zitzaidanez, goi-mailako zikloan izena emateko erabakia hartu nuen.
Eta nolakoa izan zen ikasturtearen hasiera? Mekanizazio-prozesuekin lotutako alderdi teknikoekin ohitzea kosta egin al zaizu?
Hasieran ziurgabetasun handia izan nuen, ez nekien irakasgaiak gainditzeko gai izango nintzen edo ez, mundu guztiz berria baitzen niretzat. Baina gutxinaka zalantza horiek desagertzen joan ziren, klaseetara joaten hasi nintzenean ikasgai desberdinekin ondo moldatzen nintzela ikusi nuen. Irakasle-taldearen aldetik etengabeko laguntza izan dut, gutaz arduratzen direla sentitzen dut, ez eduki didaktikoak ematerako garaian bakarrik, baita giza alderdian ere. Asko ahalegindu dira gu gelan eroso senti gaitezen. Eta hau oso garrantzitsua izan da, lasai eta konfiantzarekin egotea ahalbidetu dit, ikasketetan zentratzea eta emaitza akademiko onak lortzea. Oso pozik nago, klasera gogo eta ilusio handiarekin etorri ohi naiz.
Nolakoa izan da harremana gainerako klasekideekin?
Oso ona, talde oso bateratua osatu dugu, oso giro ona dugu klasean eta elkarri laguntzen diogu etengabe. Ikasgelan 8 neska eta 8 mutil gaude, honek harritu egin ninduen, ez nuen espero klasean hainbeste emakumezko aurkitzea. Industria-arlora bideratutako goi-mailako heziketa-zikloetan emakumeen presentzia handitzen ari dela ikusi ahal izan dut eta gainerako emakumeak mota honetako zikloetan izena ematera animatuko nituzke. Emakumeok industria arloari ekarpen handia egin diezaiokegula uste dut.
Zer asmo dituzu etorkizunerako?
Lehenik ziklo hau bukatu nahiko nuke eta datorren ikasturtean DUAL intentsiboko programan parte hartzea gustatuko litzaidake. Esan didate MGEP-n ikasle gehienek ikasketen zati bat enpresa batean lan egiten duten bitartean egiteko aukera dutela. Mundu errealarekin kontaktua izatea oso baliagarria iruditzen zait, ikasitakoa finkatzen eta ezagutza oinarri on bat lortzen laguntzen dit. Estetika zikloa ikasi nuenean DUAL intentsibo bat egiteko aukera izan nuen eta esperientzia oso baliagarria izan zitzaidan.
Bestalde, matematika gustatzen zait eta oso eroso sentitu naiz eduki teknikoak dituzten irakasgaietan. Emaitza akademikoak oso onak izan dira eta Gradu bat egiteko aukera aztertzen ari naiz, Ingeniaritza Mekatronikoa, adibidez.