Mondragon formación profesional

Mekatronika Industriala, Amazon prestakuntza-programa: “Talde-lana baliagarria izan zait taldeak gidatzeko estrategia desberdinak lantzeko”

Jorge Pérez Pestaña-en testigantza dakarkizuegu, AMAZONeko prestakuntza-programaren bigarren promoziokoa ikasle dena. Jorgek  Mekatronika Industrialeko goi-mailako zikloa bi urtez ikasi du Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP).

Zerk bultzatu zintuen programa honetan sartzera?

Txikitatik asko gustatu zait gauzak muntatzea eta desmuntatzea; beraz, uste dut nahiko modu naturalean zuzendu ditudala nire urratsak mantentze industrialaren esparrura. Lehenengo, elektromekanikako ziklo ertain bat egin nuen Toledon. Garai gogorra izan zen, hainbat enplegu eta enpresatan lan egiten zuen bitartean egin baitzituen ikasketak. Horrela izan nuen lehen harremana Amazonekin, biltegian lanean aritu bainintzen, baina beste enpresa batzuetan ere ibili nintzen lanean, hala nola DHL edo Mercadonan. Ondoren, anaiak hitz egin zidan Amazonen prestakuntza programaz eta Mondargon Goi Eskola Politeknikoan mekatronika industrialeko goi zikloa egiteko aukeraz. Zalantzarik gabe eman nuen izena, argi nuen programa honetan parte hartu nahi nuela eta zorionez aukeratu egin ninduten. Beraz, Lominchar-etik, nire jaioterritik, Arrasatera etorri nintzen.

Nolakoa izan zen lehen kontaktua MGEPekin? Erraza egin al zitzaizun dinamika berrira egokitzea?

Aurretik ez negoen Euskal Herrian egona, eta, egia esan, Toledorekiko ezberdintasunek zirrara eragin zidaten. Paisaia menditsuak atentzioa eman zidan, zein berde zegoen dena eta zein zaindua zegoen kanpusa, lorategiak, landareak, zuhaitzak. Gogoan dut ilusio handia nuela ikasturtea hasteko. Ikasle asko ginen eta pixkanaka elkar ezagutzen joan ginen. Laster ikusi nuen ez zitzaidala batere zaila gertatuko nire promozioko kideekin bat egitea, denok helburu komun bat genuelako eta zikloa egiteko prest geundelako.

Irakasle-taldearekin izandako lehen harremana ere oso positiboa izan zen. Irakasleek gertutasuna adierazi ziguten, eta ikusi genuen haien laguntza izango genuela ikasgaiak lantzeko garaian. Erlaxatu egin nintzen ezagutu nituenean. Gogoan dut, halaber, Iñigo Ezpeleta etorri zela zikloaren aurkezpen-saioa egitera, eta hitz egiten entzuteak lasaitasun handia eman zidan. Hasiera-hasieratik argi izan nuen gauzak modu positiboan garatuko zirela.

Gero eskolak hasi ziren, eta konturatu ginen MGEPeko egonaldiak intentsitate handikoak izango zirela. Klasera egunean 8 orduz joan behar izaten genuen, eta batzuetan gogorra izaten zen. Ikasgelara joan behar izaten genuen, lanak egin, azterketak prestatu… Gure programan, gai berdinak lantzeko, ohikoa dena baino egun gutxiago ditugu.

Nolakoa izan da MGEPeko esperientzia bi urte hauetan? Zer faktore positibo nabarmenduko zenituzke?

Lehenik eta behin, talde-lana azpimarratuko nuke. Beti gustatu izan zait taldeen buru izatea, taldekide bakoitzaren beharrak ulertzen saiatzea eta lanerako giro ona sortzen saiatzea, guztiok koordinatu ahal izateko. Hori modu naturalean egiten dudala uste dut, eta egia da, batzuetan, lidergoa hartzeak kudeatzen jakin beharreko estres edo antsietate handiagoko egoerak sortzen dituela. Talde-lanei esker, trebetasun horiek landu ahal izan ditut, eta uste dut oso baliagarriak izango zaizkidala etorkizunari begira, lantaldeen buru izan nahiko bainuke.

Nabarmendu beharreko beste alderdi bat egin behar izan ditugun erronkak dira. Hutsetik abiatuta, proiektu osoak garatu ditugu, lantalde guztien artean koordinatuz. Ikasgelan ikasitako alderdi teorikoak epe luzerako proiektu erreal batean aplikatzen dituzunean, egoera benetakoa balitz bezala bizi duzu, eta presio handia sentitzen duzu gauzak aurrera ateratzeko. Talde guztien helburu komunak daude, eta epeak bete beharra dago, azken emaitza ona izan dadin. Prozesu horietan, arazoak daudenean eta presio-egoeretan konponbideak bilatu behar direnean, asko ikasten da, eta niri behintzat indartzeko balio izan didate, bai arlo pertsonalean, eta bai akademikoan ere.

Azkenik, MGEPeko berdegunea nabarmenduko nuke. Natura arnasten den tokia da, soropila, zuhaitzak, landareak eta loreak dituzten lorategiak daude, eta, atzealdean, mendiak ikus daitezke. Hori guztia oso erlaxagarria da, batez ere ikastaldi gogorren ondoren ikasgelatik ateratzen zarenetan. Natura ikusteak asko lasaitzen nau, deskonektatzea eta hobeto sentitzea ahalbidetzen dit. Zorte handia da hau ikasgelako atean edukitzea, kalera irten bezain laster.

Zer asmo duzu etorkizunerako?

Lehenik eta behin, Amazonen geratuko nahiko nuke. Esperientzia irabazi nahi dut mantentze-lanetako teknikari gisa. Baina etorkizunari begira, lantalde desberdinen buru izan nahiko nuke, eta uste dut Amazonek aukera oso interesgarria ematen duela garapen profesionalerako.

Ziklo hau egin dudan bitartean, goi-mailako ikasketak egiteko gai naizela ikusi dut. Bi urte hauetan ez dut presiorik sentitu zentzu horretan, gai izan naiz hainbat ikasgaitan ikasteko eta kalifikazio onak lortzeko. Beraz, ez dut baztertzen etorkizunean ingeniaritza bat ikastea. Prestatzen jarraitzeak pertsona gisa garatzeko aukera ematen dit.

Exit mobile version