MGEP GMHZ Fabrikazio Mekanika Diseinuko ikasleak Igor González de Galdeano txirrindulariak proposatutako ERRONKAren aurrean


Igor Gonzalez de Galdeano txirrindulari profesional oso ezaguna izan zen, eta gaur egun, KIROLIFE enpresako arduraduna da; kirolari gazteen ardurak eta arazoak ezagututa, CERATIZIT enpresarekin batera Machining Meets Cycling by CERATIZIT proiektu europearra sortu zuen; helburua da gazteek goi mailako kirola era egokian egitea, beraien formazio akademikoa uztartzen lagunduz. Batez ere, Fabrikazio Mekanikoko Formazio profesionalean zentratzen da, honetan goi mailako teknikalarien beharra handia baitugu gure herrian.

2023ko Frantziako Tour-a aurten EAEn arituko dela aitzaki,  Heziketa Zikloko Hetel sareko ikastetxeentzako lehiaketa bat antolatu du Igorrek. Guztira 8 zentroko 160 ikaslek hartzen dute parte, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) Goi mailako Heziketa zikloko (GMHZ) Fabrikazio Mekanikako Diseinukoak  barne.

Lehiaketan, ikasleak txirrindularitza munduko arazo bat konpontzen saiatu behar dira: txirrindulariak hidratatzeko bizikletari lotuta botilatxo bat eraman ohi dute, baina batzuetan nahiago dute ez eramatea pisua arintzeko eta aerodinamika hobetzeko, adibidez, erlojupean dabiltzanean; botilatxoaren euskarria lotu eta askatzea gaur egun torlojuren bidez egiten da,  ez da estrespeko egoeratan azkar egiteko sistema.

Lehiaketako erronkaren helburua, lehiaketa altuko bizikleta baten egungo botilatxoak eramateko ordezko irtenbide bat garatzea eta fabrikatzea da.

Erronka, Fabrikazio Mekanikorako Diseinatzaileen funtzio profesionaletan ondo lerrokatzen da, bai CAD teknikari moduan, zein delineatzaile proiektugile moduan, zein produktuen garapenaren arduradun moduan. Hori dela eta, gure ikasleak hiru taldetan antolatu dira, eta badaude buruari bueltak ematen, sormen ekintzetan.

Apirilaren 26an Igor Gonzalez de Galdeano bera etorri zitzaigun, arazoa bere eskarmentutik kontatzera, eta ikasleen galderak eta proposamenak entzutera.

Irrikaz gaude, ea nolako ideia berritzaileak proposatzen dizkiguten laster goi mailako teknikari izango diren ikasleek! Agian hurrengo Tour-ean beraien euskarria ikusten dugu Carapaz-en edo Vingegaard-en txirringetan.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu