Berriztu edo atzean geratu. Horretaz aritu ginen gure azkeneko coffee break-ean lankideok.
Adimen Artifiziala hemen dago jada ta atzean geratzea inork ez dugunez gustoko, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko proiektuen kudeaketako partaide bezala, CPMAI (Cognitive Project Management for Artificial Intelligence) kurtsoa egin eta zertifikazioa atera berri dut.
Kurtsoak, Adimen Artifizialeko proiektuak arrakastaz burutzeko aplikatu behar diren kudeaketa praktikak xehetzea du helburu eta gaurkoan, bertan ikasitako 3 gako garrantzitsu partekatzera nator.
- Adimen Artifizialeko proiektuen bizitza ziklo espezifikoa jarraitu. Sektore eta errealitate bakoitzak, lan teknikoa burutzeko fase eta ekintza konkretu batzuk dauzka. Adimen artifizialeko proiektuak ez dira salbuespena eta lana teknikoki ondo burutzeko, fase eta ekintza konkretu horiek zeintzuk diren ondo definitu behar dira. CPMAI metodologiak fase, ekintza eta entregagai konkretu batzuk planteatzen ditu eta hau oinarritzat hartuta, gero beti dago norberaren kasura moldatzeko aukera.
- Adimen artifizialeko proiektuak datuetan oinarritzen dira. Datu hauen ulermen, sailkapen eta prestaketa lanetan denbora inbertitu. Bestela, nahi diren emaitzak ez dira lortu ahal izango.
- Epe luzeko helburuak irudikatu baina epe motzeko ekintza eta emaitzen bitartez lortu. Ezin dugu hemendik urtebeterako plan zehatz bat egin ingurune aldakor honetan eta horregaitik, epe motzean lortu beharreko aktibitate, entregagai edo emaitzak planifikatu eta burutu behar ditugu, ondoren, zikloa errepikatu eta iterazioen bitartez gure epe luzeko helburuak lortzeko. Hau da, Agile praktikak erabili. Adimen artifizialeko proiektuei egokituta, baina iteratu eta inkrementalki emaitzak lortzen joan beharra dago.
Mundua aurrera doa eta gu berarekin ere aurrera egin eta hobetuz joan behar dugu. Formakuntza eta praktika berrien inplementazioak beti lagunduko digu bide honetan.