Grado online: Organización industrial desde China
Duela lau urte Mondragon Goi Eskola Politeknikoa europear hezkuntza esparrura egokitzeko prozesuan murgildu zen; hau da, gradu eskaintza zabaldu zuen. Lau urte igaro ostean, aurten lehenengo graduatuen promozioa izango da.
Eskaintza zabal honetan Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Industri Antolakuntzako Gradua On Line burutzeko aukera eskaintzen du. Aukera berri hau aprobetxatuz asko dira ingeniaritza teknikoko diplomatuak izan, lanean aritu eta Industri Antolakuntzako Gradua On Line ateratzera animatu direnak.
Antolakuntzako Graduatu hauek industri aktibitate eta zerbitzu jasangarri eta lehiakorrak kudeatzeko gai dira berrikuntza eta etengabeko hobekuntzaren bitartez. Gainera, eraginkor eta efikazak izateko metodo eta kudeaketa erraminten jakitun dira eta erabakiak hartu eta ekipoen lider izateko gaitasunak eskuratzen dituzte ikuspegi gobal eta estrategiko batetik.
Ander Zozaya Guisasola gaur egun Txinan lanean diharduen ingeniari teknikoa da eta ikasketak On Line egiteko aukera hau aprobetxatuz, Industri Antolakuntzako Gradua ateratzen ari da Txinatik.
Anderrekin egon eta Arrasaten dauden Antolakuntzako zenbait ikaslek egindako galderen bitartez bere esperientziaren berri jasotzeko aukera izan dugu. Hona hemen Anderrek kontatu diguna.
- Nolatan hartu zenuen Industri Antolakuntzako Gradua On Line gauzatzeko erabakia?
Beti izan dut buruan master bat egiteko ideia. Ez dakit ingeniaritza teknikoa zertan geratu den eta kurtso hau On Line egiteko aukera kasualitatez topatu ostean eta orain arteko esperientzia profesionalek antolakuntzako esparrura zuzendu nautela kontuan izanda, gradua ateratzera animatu nintzen. Orain arte kurtsoa ondo daramat; batzuetan larriago besteetan lasaiago. Ikasturtean kurtsatuko diren kreditu kopurua aukeratu ahal izateak gradua bakoitzak bere egoerara moldatzea ahalbideratzen du.
- Nola partekatzen dituzu lana eta ikasketak?
Libre ditudan tarteak aprobetxatzen ditut lanak aurrera eramateko. Hori izaten da gogorrena, lanetik atera eta ikasten jarraitzea. Autogestioan desastre xamarra naiz baina lanak data jakin batzuetan entregatu beharrak ikasgaiak egunean eramatea dakar.
- Nola hartu zenuen Txinara joateko erabakia?
Erabakia asko pentsatu gabe hartu nuen. Bi urtetarako kontratua eskaini zidaten, lanpostu interesgarria zen ikasten jarraitzeko. Txina izan beharrean Hego Afrika, Brasil edo beste edozein herrialde izan balitz erabakia berdina izango zela pentsatzen dut.
- Zein izan da Txina eta Euskal Herriaren artean lan egiteko eran topatu duzun desberdintasun handiena?
Uste dugunaren kontra Txinan asko delegatu eta ardurak banatzen dira. Postu altuetan erabaki oso gutxi hartzen dira nahiz eta toki guztietan bezala, garrantzitsuenak gerentziak hartuko dituen.
- Zein izan da Txinan jaso duzun eta transmitituko zenukeen ikasgai nagusia?
Beraien filosofia nagusien malgutasuna oso interesgarria iruditu zait. Taoriosmo eta budismoak ez dute ongia eta gaizkia kristautasunak edo islamak bezala markatzen. Ez dago txuri edo beltzik. Txinatar bati bai/ez-ko galdera bat egitean erantzunak ordu erdi iraun dezake. Batzuetan nerbioak galdu arazten dizkizuten arren oso interesgarria iruditzen zait.
- Amaitzeko, nola ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizuna aldakorra izango dela uste dut. Bukatu da etxe bat, lan bat eta senar-emazte bat bizitza osorako izango dugula pentsatzea. Garai berrietara moldatzen jakitea da aukera bakarra. Antolakuntzako ingeniari izatea oinarri interesgarria da aldaketa hauetara moldatzen jakiteko, ingeniaritza honek esparru desberdinak jorratzen baititu; pertsonak, prozesuak edo logistika esaterako.
Eskerrik asko Ander gure galderak erantzutearren! eta zuetako norbaitek Anderrek bezala On Line aukera hau aprobetxatu nahi izanez gero matrikula garaia zabalik daukazue.
//Lorea.

+ No hay comentarios
Añade el tuyo