Teleko ikasi eta gero zer? Ekintzailetasunaren bidean


Lander Unanuek Telekomunikazio Ingeniaritza amaitu osteko bizipenak kontatzen dizkigu

Oraindik 30 urte bete ez dituen arren, galtzak bete esperientzia du gure gaurko protagonistak. Lander Unanue da bera, Mondragon Unibertsitatean Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen, eta ostiralean “Ametsak, teknologia eta Txina” hitzaldia emango du Gradu eta Ingeniaritza Teknikoko Diplomen Banaketa ekitaldian. Aurrerapen moduan ondorengoa kontatu digu.

“Zelako momentuak pasatu genituen Mondragon Unibertsitatean, oraindik Telekoseko ikaslea nintzelarik: ikasi, azterketak egin, seihilabeteko proiektuak, ostegunetako poteoak, ….. Karrerako 3.urtean izango zan, nire amak beste hizkuntza bat ikasteko gomendatu zidanean: “frantsesa edo alemana ikasi beharko zenuke” esan zidan. Nik, “ama, nahiago dot txinera ikasi, horrek biak baino!” eta horrela, CIM-era (Centro de Idiomas de Mondragon, oraingo Mondragon Linguan) joan nintzen txinera ikastera. Urte haietan, Txinaren ekonomiari buruzko albiste asko agertzen ziren medioetan eta hain ideia txarra ere izango ez zela iruditu zitzaidan. Orduantxe hasi zitzaidan Txinara lanera joateko grina.

Karrera bukaerako proiektua da ikasle baten azkenengo urtea eta beraz, ahalegin guztiak egin nituen, proiektua Txinako enpresaren baten egiteko: telefono deiak, emailak, entrebistak, … baina azkenean ezin izan nuen Txinara joan. Horren ordez, beste proiektu batean murgildu nintzen: “Waixe Mobile” Telefono mugikorretarako programak eskeintzen zuen enpresa sortzea. Klasekide batekin batera, Saiolaneko “ideien inkubategiara” jo genuen. Ez, azkenean ez genuen enpresa zabaldu! Nokia zen orduko mugikorren merkatuaren errege, eta Iphone eta Android gailuak oraindik existitzen ez ziren arren, merkatua berehala aldatuko zen indizioak ikusirik, atzera egin genuen. Momentu hartan porrot egin genuela zirudien, baina bide berri bat baino ez genuen zabaldu. Zenbat ikasi genuen bide hartan!

Mondragon Telekomunikazioak - Waixe mobile

Lander Unanue eta Endika Azueta – “Waixe mobile” sortzaileak

Ikasle garaia proiektua aurkeztearekin batera amaitu zen.

Bi urte pasa arren, oraindik baneukan Txinarekiko irrika eta lanpostu fijo bat izatea baino nahiago izan nuen nire barne ametsak bultzatzen ninduena egitea, Txinara joatea. Zerbaitegatik ibili nintzen 4 urtez txinera ikasten! Saiolanen bitartez, Shanghaira joateko proiektu interesgarri batean murgildu nintzen eta konturatzerako, maleta eta 30 egunerako visa batekin agertu nintzen Txinako hiriburu kosmopolitenean.

Txina beste mundu bat bezala da. Kontraesanen herrialdea, Yin eta Yang-arena. Esperientzia benetan aberasgarria izan zen, proiektu hartan hasi baitzen gerora Mondragon Unibertsitatea eta USST-en (University of Shanghai for Science and Technology) arteko harremana eta ikasle-trukaketa. Urtebete labur egingo zitzaidala eta, bigarren urte batez joan nintzen, oraingoan komertzial lanak egitera… beste herrialde batzuk bisitatzeko aukerarik ere izan nuen: Japonia, Filipinas, Singapur, Txinako lurralde ezberdinak, .. asko ikasi nuen esperientzia hartaz: txinera hizkuntza hobetu nuen, bertako jentearekin hitz egiteko beste. Oraindik orain, txinatarren bat ikusten dudan bakoitzean, txinoz aritzen natzaio.

Mondragon Telekomunikazioak - Lander Unanue Buber sariak

Buber sarietan

Hala ere, beti mantendu izan dut begi bat telefono mugikorren garapen teknologikoan eta kuriositatez edo intrigaz begiratzen nion Android eta Apple-eko gailuek daukaten potentzialitateari eta gabonetako oporretan online ikastaro bat egin nuen App-ak zelan garatzen diren ikasteko. Ikasitako praktikan jartzeko, Shanghaiko logelan txiki batean “Bertsoapp” aplikazioa garatu nuen. Bertsoekin jolasteko. Publikatu orduko, komentario eta artikuloak agertzen hasi ziren sarean. Radio Euskadin ere elkarrizketa bat egin zidaten Txinan nengoela, Skype bitartez. Ondoren, ezagun batek, aplikazioa “Buber Sarietara” aurkezteko gomendatu zidan eta hala egin nuen. Erabat ahaztuta neukan, emailez, finalista geratu nintzela ohartarazi zidaten arte. Horrela, Azaroaren 26an, Donostiako Kursaaleko aretoan, Bertsoapp aplikazioa “euskara hobetoen sustatzen duen aplikazioa”ren saria irabazi zuen. Hori abiapuntutzat hartuta, nire enpresa sortzeari ekin diot 2013az geroztik. Abarkatxo.com. Orain ere horrela dihardut, gelditu gabe, oraindik ikasten!

+ No hay comentarios

Añade el tuyo