Miramar jauregiaren talaiatik


Haur hezkuntzaren garrantzia euskararen jabekuntzan eta garapenean izenburupean, Kontseiluak jardunaldia antolatu zuen Donostiako Miramar jauregian. Zaine Rekondo Mondragon Unibertsitateko Hazitegi taldeko kidearen ekarpena jarraian:

Miramar jauregiaren talaiatik

Egunotarako alarma gorria iragarria zuten: kontuz, kostaldean itsasoak zakar joko baitu! Eta itsasoak, naturaren legeei jarraituz, agindutakoa bete zuen. Miramar jauregiko aretoa ere bete genuen beste batzuek, eta bertatik itsasoa ikusgarri zegoen, olatuak dantza bizi eta gogorrean arroken kontra hausten ziren bitartean, gure begirada beste nonbait zegoen.

Kontseiluak antolatutako Jardunaldietan parte hartu genuenok, Miramar jauregiaren talaiatik, euskararen jabekuntza eta garapenari so jarri ginen, eta zehazki, haur hezkuntza etaparen garrantziaz aritu ginen. Izen asko aipa ditzaket, askotariko aztergai, ikerketa, esperientzia, iritzi, ikuspunturen berri eman zizkiguten hainbat aditu lagun, gai interesgarriak hizpide izan baikenituen. Edonola ere, izen eta eztabaida guztiak aipatzen hasteak luze joko lukeenez,  gustura bertaratuko zinetenokin konpartituko dut, ondorio moduan formulatuta, talaia hartatik ikusitakoaren begirada propioa:

  • Ahozkotasuna edozein arlo lantzeko lanabes garrantzitsua dugu, zaindu, antolatu eta prestatu behar dena.
  • Bistan da ahozkoak talde dinamika eta elkarrekintza ahalbidetzeko indarra duela.
  • Ezin alde batera utzi eskolaren testuingurua eta berau osatzen duten eragileak (ingurua, familia…);
  • Beraz, ekin diezaiogun auzolana bultzatzeari.
  • Katalunian Pla d’entorn (Inguru plana): jendarte osoak hartzen du etorri berriei harrera egiteko erantzukizuna.

 Ahozkoa ez da lantzen egiteagatik soilik, intentzionalitatea behar da, bai eta didaktika espezifikoak ere (Nonnon, 1999).

  • Ikastetxeetan lanean dihardutenek ohartarazi gaituzte: errezeta magikoak ipuinetan soilik dira egia. Garrantzitsuena borondatea eta egin nahi izatea da, gure aukera egunerokotasunean inguratzen gaituztenekin batera euskararen presentzia eta garrantzia lantzea da,
  • GURE TXIKIAK MAITE DITUGUN MODU EDO MAILA BEREAN ESKAINI BEHARKO GENIEKE EUSKARA, hortaz.
  • Esperientziak bizi, gozatu eta partekatu, hori da sekretua, hizkuntzaren musikalitatea transmitituz, Karmelek errana zigun, bai, hizkuntza zuzenki loturik dagoela alderdi afektiboarekin.
  • Beraz, euskaraz gure nortasuna eraikitzera iritsi gaitezke, munduan txoko bat egitera, ez baita kasualitatea, beste inon ez bezala, botak izatea gure txikiek erraten duten lehen hitzetako bat.
  • Baldin eta, jakina, horren kontzientzia, intentzioa eta konstantzia bidelagun hartzen baditugu.

Azken hitza: oraintxe nagoen nire ordenagailuaren talaia honetatik eskerrik beroena gai hauekin kezkatuta lanean diharduten guztiei, bereziki Kontseiluari egin zigun harrerarengatik.

Hurrengora arte!

Zaine Rekondo

+ Iruzkin bat laga