Sare sozialetako kanpainen eraginkortasuna neurtzen


Gaur egun, Interneten presentzia ez baduzu, inor ez zarela esaten da. Online presentzia baliabide ezberdinen bitartez lor dezakegu, oinarrizkoena, gure webgunea izanik. Bertan, munduari erakutsi nahi diogun irudia azaldu dezakegu bertako edukia %100ean kontrolatuz.

Bestalde, Web 2.0 eta sare sozialen garaian murgildurik aurkitzen garen egunotan, facebook edo twitter bezalako sareak erabili ditzakegu gure marka ezagutarazteko eta gure webgunera trafikoa erakarriko duten kanpainak sustengatzeko. Baina nola jakin kanpaina horiek eraginkorrak diren? Eta are gehiago, nola neurtu dezakegu, kanpaina horien eraginkortasun maila, zehazki? Gure audientzia non dagoen susmoa izan dezakegu, beraiek erakartzeko mezu hoberena zein den intuizioa ere izan dezakegu baina, zuzen al gaude? Jakiteko modu bakarra analitika tresna bat erabiltzea da.

Hamaika dira erabili ditzakegun tresnak, batzuk erabiltzeko ordaintzea ezinbestekoa da, Omniture izanik horietako bat; beste batzuk software irekian garaturik daude, Piwik adibidez; eta Google Analytics esaterako, dohainik erabili dezakegu. Tresna ez da helburua, zer neurtu nahi dugun ondo zehaztuta dugunean, edozein tresna erabilita ere, nahi ditugun emaitzak jasotzeko moduan aurkituko gara. Eta horrela, aurretik aipatutako kanpaina horietatik jaso dugun trafikoa neurtuko dugu, eta bide batez, gure webgunera iritsi ondoren, nola jokatu duten aztertzeko aukera ere izango dugu. Ondorio bezala, kanpaina eta baliabide eraginkorrenak zein diren garbi ikusiko ditugu eduki interesgarriena zein den  desberdintzeko aukera izanik.

Gure kasuan, Google Analytics erabiliko dugu egiten ditugun kanpainen eraginkortasuna neurtzeko asmoz.
Hiru dira analitika tresnak defektuz identifikatzen dituen trafiko iturriak:

  • Zuzenekoa
  • Erreferentziazko webgunetatik datorrena
  • Bilatzaileetatik iristen dena

Google analytics oinarrizko trafiko motak

Ezer egin ezean, sare sozialetatik jasotzen dugun trafikoa, erreferentziazko webgunetatik datorren trafikoa bezala identifikatuko du Google Analytics-ek. Hau da, erreferentziazko webguneak facebook.com edota twitter.com izango dira.

Kontua zera da, guk eraginda, edo bestela, iritsi daiteke trafikoa sare sozialetatik gure webgunera. Lantzen ari garen kasuan, guk, gure kanpainekin sortu dugun trafikoa neurtu nahi dugu, sare sozialetan esteka bat partekatzen dugunean, zenbat klik lortzen digun bertatik. Horretarako, elkarbanatutako estekak etiketatuko ditugu erreferentziazko trafikoarekin nahasi ez daitezen.

Googlek eskaintzen digun URL sortzailearen bitartez, webgunetik kanpo egiten ditugun kanpainak etiketatzeko aukera dugu.

Hasi aurretik, trafikoa erakarri nahi dugun gure webguneko web orri zehatza erabakita izan behar dugu. Hau da, orrialde nagusira erakarri nahi ditugu bisitak, www.niredomeinua.com, edo eta, kanpaina berezi bat egin nahi dut nire webguneko atal bat bereziki nabarmentzeko www.niredomeinua.com/nabarmentzekoa?

Ondoren, tresnak derrigorrezko estimatzen dituen atalak beteko ditugu.

  • Webguneko URLa
  • Kanpainaren jatorria
  • Baliabidea
  • Kanpainaren izena

Azkenik, emaitza gisa, hasierako helbidea etiketaturik lortuko dugu.

Behin helbidea etiketatuta dugula, helbide berri hau zabaldu behar dugu sare sozialetan eta ez hasierakoa. Pauso hauek, egiten dugun kanpaina bakoitzeko errepikatu behar ditugu.

Hemendik aurrera, etiketatutako helbidea zabalduko dugunez, bertan klik egiten duten guztien datuak jarritako izen berbera daraman kanpainaren txostenean izango ditugu ikusgai.

Google analyticsen oinarrizko trafikoaz gain kanpainak ikus ditzakegu

google analytics kanpaina txostena

Hay 1 comentario

Añade el tuyo

Hay 1 comentario