9 urte ditut eta unibertsitatean nago!!!!!!!


Horixe da Antzuolako Herri Eskolako ikasle batek esan zuena martxoaren 12an Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako kanpusean izandako esperientzian.

Antzuolako Herri Eskolan proiektuka egiten dute lan. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek hiruhileko honetarako MARRAZKI BIZIDUNAK gaia hautatu dute. Bai, beraiek proposatzen dituzte gaiak, aztertu, eztabaidatu eta ondoren guztien artean hautatu. Eta horrek asko eragiten du gaiarekiko izaten duten motibazioan.

Zein izan da Aretxabaletan izandako esperientziaren helburua? Antzuolako Herri Eskolan konstruktibismoa dago ikaste-irakaste prozesuaren oinarrian. Ikasleek beren errealitate eta esperientzien eraikitze prozesuan parte-hartze aktiboa dute. Haurrarentzat garrantzitsua da esperimentatzea, esperientzia errealak bizitzea eta horietatik abiatuz bere ezagutza propioak eraikitzen joatea. Beraz, interesgarria izan zitekeen marrazki bizidunak nola egiten diren esperimentatzeko animazio tailer batean parte hartzea.

Gustura aritu ziren Antzuolako ikasleak Yera Sanchez HUHEZIko irakasleak gidatu zuen tailerrean. Ikasleen aurrezagutzetatik abiatuz (ordura arte eskolan landu zutena) marrazki bizidunen sortze prozesu eta mugimenduarekin lotutako teknika eta egiteko modu ezberdinak landu zituzten lehenik.

argazkia 1

Ondoren ikasle bakoitzak txakur bat margotu zuen, bere modura pertsonalizatuz, eta txakurraren zortzi irudi ezberdin margotu zituzten mugimenduaren ziklo osoa egin ahal izateko.

argazkia 2             argazkia3

Behin marrazki guztiak margotuta, moztu, ordenatu  eta banan-banan argazkiak atera zizkieten,  gerora  muntatu eta mugimendua eman ahal izateko.  Ikasleek prozesua hasieratik amaierara bizitzeko aukera izan zuten, eta DVD batean egindako lana eskolara eramateko.

argazkia4

Esperientzia aberatsa izan zen. Antzuolako ikasleentzat esperimentatu eta beren ikaste prozesuan aurrera egiteko esperientzia polit bat izan zen. Yerarentzat erronka interesgarri bat, ez-ohiko ikasleentzat animazio tailerra egokitu eta moldatzea. Eskola eta unibertsitatearen artean egin dezakegun elkarlanaren adibide on bat izan daiteke hau.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu