Ordiziko Sueskola
Aurten Biteriko Larrialdi Taldea sekula baino interesatua dago sua eta bere inguruko ezaugarriekin. Eta nik suari baino errespetu gehiago diet espazio itxiei. Errespetua esan al dut, beldurra esan nahi nuen.
MC 2.2. Sueskola |
Lauzpabost metro koadroko gela batean nago. Erdi erdian. Keak itsutua nauka eta inpernuko zuloan baino bero gehiago egiten du. Zakarrontzi baten itsura duen gailu batetik sua dario berealdiko indarraz, bortitz. Gasak sua nola elikatzen duen entzuten dut baina jada ezin da lehengo bi metroko altuera duen su zutaberik ikusi. Keak dena jan du. Taldean parre txiki eta urduriak azaltzen dira. Gurekin dagoen arduradunak aurpegia lurrera josteko esaten digu, batak bestea eskutik heltzeko eta lehenengoak pareta bilatzeko. Ni naiz talde burua. Baino ez nago ez zorurik muxukatu ezta paretarik bilatzeko ere. Paralizatuta nago, antsietate krisi baten ate atzean. Hiperbentilatzen hasten naiz baina ez da inor konturatzen. Nere atzetik datorrenak orientazioa etxen utzi eta bere sudur puntaren atzetik dabil. Kaosak gaindituta parre-algarak gero eta ozenagoak dira, kea baino lodiagoak. Eta ni lurrean zapo etzanda. Ez dut ulertzen nola ez nauen inork zapaltzen. Hori da berez buruak esperantzarako erakusten didan bide bakarra. Akaso baten batek zapaldu nau, baina ez bera eta ez ni ez gara konturatu. Zorionez Aitorrek atea aurkitu eta batak bestearen atzetik talde osoa pasillora irten da. Arduraduna taldekideak zenbatu eta noski, bat falta. Zortzi ginen bai, zortzi!!! Aurpegi desitsuratu egiten dira, izuak parreak ito ditu. Elena, arduraduna, gelara sartu eta ate ondoan dagoen botoi gorria sakatu eta sirena bat askatu du belarriak doilor iltzatzeko. Haizagailu batek kea jaten du eta sua itzali egiten da naiz eta gasa tutuetatik korrika entzuten jarraitzen den. Poliki poliki nere gorpuaren soslaia agertzen hasten da lagunen garraxiekin batera eta gelatik ateratzen naute presaka.
Oso interesgarria Ordiziko Sueskola.
HOTS: testu hau errealitatearen alterazio bat da, fikzioa alegia.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu