Wukron lurrartzen
Joan ginen eta Wukrotik bueltan gaude, Arrasaten, etxean. Ez nuke nere bizitza goitik behera aldatu didan esperientzia bat izan dela esango. Ezta galduta ibili ondoren nere burua aurkitzen lagundu didan toki bat topatu dudanik. Eta gutxiago orindik helburu bat jarri diodala nere bizitzari, helmuga bat, jopuntu edo norabide bat. Ez. Ezta gutxiagorik ere. Baino kristona izan da. Hori bai.
Orain hilabete batzuk Afrikar Batasunaren 50. urteurrena ospatu da, eta berehala lotzen zait galdera burmuinean: nolakoa izango zen Addis Abeba orain 50 urte? Hirian barna murgiltzen naiz eta deserosotasun kaiola batean erortzen naiz. Kaleak umez josita daude, jendea atzera eta aurrera, hautsa, bukatu gabeko kotxe ziztrinak arnasestuka, han hemenka emakumeak artoa erretzen latoizko su-txikietan. Oinez noa, ez dut taxi bat hartu nahi. Hirian ibili nahi dut, bere kale eta bidezidorretan galdu. Ez du ematen pertsona zuriak ikusteko ohitura gehiegi dutenik, baina lasai nabil, ez zait inor gainera bota diru eske edo horrelako zerbait. Bide gurutze batera iritsi eta ezker eskubi begiratz
en dut. Ez dut hiriaren maparik lortu ahal izan, erositako gida bateko mapa bat dut soilik, baina erdi betetzear dago, ez dira kale guztien izenak azaltzen eta dakarren informazioa oso urria da. Ez dut maparik atera nahi. Lau kaleak jarraitzen ditut poliki begiradarekin eta zeruertzera iristen naiz. Eraikuntzak oso txikiak dira, oso zaila egiten zait bi pisutako etxerik aurkitzea hotelenbat ez bada, eta etxeak baino txabolak dirudite. Hiri osoa merkatu ikaragarri bat da eta txabola bakoitzean denda bat aurkitu daiteke. Toki bakoitzean saltzen dena gehiegizko erakargarritasun batean aurkezten dute, demasa da. Eskaparateak gainezka daude, salgaiak inolako ordenik gabe pilatuta, ate gainak eta oro har pareta osoa betetzen duen kartel deigarriak, koloretsuak, saltzen denaren informazioarekin, dendaren izenik gabe.
Beroa egiten du baina ez itotzekoa. Esfortzu txiki bat egin ezkero ordea segituan nabaritzen da 2300 metrora gaudela. Normalean baina lehenago nekatzen naiz eta denbora gehiago behar dut errekuperatzeko. Karrika garrantzitsuenak bakarrik daude asfaltatuta, gainontzekoetan lurra bere biluztasunean aurkitzen dute haurrek hanka hutsik euren oin azpitan. Hala ere jolasa da nagusi, irriparra, umeen berezko benetakotasun hori dario hiriak ertz oro, eta hortara zaletzea ezinbestekoa egiten zait. Begi garbiekin begiratzera bultzatzen zaitu hiriak, hiri bat non edozein kantoitan artalde baten atzean hanka eta beso gabeko lisiatu bat aurki liteke lurrean arrastaka eta bere ondoan mugikorra erabiltzen ari den trajedun gizon bat taxi baten zain.
Eraikitze prozesu etengabean dago Addis. Begia non jarri, oso erreza da makilez egindako aldamioz jositako osatzeko bidean dagoen eraikuntza bat hotel baten ondoan eta tartean hainbat txabola ikustea. Eromena da. Obrak eta obrak. Eta horrek noski jesukristoren mugimendua igortzen dio hiriari. Eta atxur eta mailuen kolpeek hiriaren bihotz taupadak itxuratzen dute.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu