Brollerrak baino gehiago


Iaz jarri zen martxan patin gainean aritzeko ekimena. Ariketa zelebre honek hainbat ipurdiko eta eskumutur bihurritu ekarri zituen baina baita parre eta arratsalde pasa gozoak ere.

Aurten ordea bestelako bide bat hartu dugu. Tira, ondo pasatzeko intentzioa beti hor dago, eta barre eta algarak amaigabeko ongoetorria dute. Baina esan bezala, osterantzeko helburu bat ekarri dugu begi bistara: asteburuetan antolatu ohi diren lasterketatan parte hartzea.

Jadanik Donostiako 15km klasikan atera ginen. Esperientzia ikaragarria eta era berean zoragarria izan zen. 450 roller inguruk parte hartu genuen. Berealdiko giroa zegoen, jendetza piloa, kirolean aritzeko tenperatura zoragarria eta ez zuen euririk egin.

Horra ibilbidearen bideoa.

Patinatzea ez da gauza erreza. Ondo patinatzea esan nahi dut. Botak jarri eta bidegorrian astoarena egitea ez da zaila, eta konturatu baino lehen zure burua erreka zuloan sartuta ikus dezakezu hainbat hezur hautsita. Gu gainera taldean gindoazen eta horrek ere koordinazio maila nabarmena eskatzen du. Eskerrak taldekide baten anaiaren laguntza izan genuen bestela ez dakit nola bukatuko genukeen. Berarekin hasi ginen”trenarena” egiten, eta orduntxe ikasi genuen zein zaila den eta zenbaterainoko konzentrazio eta prestaketa fisikoa eskatzen duen. Hala ere ez gara makalak, gehiegi entrenatu gabe lortu genuen parte hartu eta bukatzea. Helburu bakar bat genuen, hamabost minutu beranduago atzetik zetozen korrikalariek ez harrapatzea. Lehenengo korrikalariak harrapatuz gero, lasterketatik kanpo gerazten zinen. Hori frakasoa. Eta kostata baina denok lortu genuen saioa bukatzea. Beste egunen batean hitz egingo dugu egindako denboraz eta iritsitako postuaz.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu