Ikutu beldurrik gabe


Aspaldi honetan konturatuta nago kontaktu fisikoaren aurkako gizartea sortzen ari garela. Biteriko dinamizatzailea naiz eta etxean gora eta behera ibili ohi naiz egin behar desberdinetan. Bertako egoiliarrekin topo egiten dut eguneroko bizitzako hainbat momentutan, askotan, orain eskaileratan, gero bazkaltzen, eta batez ere egiten ditugun bilera oparoetan. Egoera guzti horietan kosta egiten zaigu elkar ukitzea.

Urte bateko alaba bat dut eta konturatuta nago zoratu egiten nauela hura ukitzea. Beti atsegin izan dut oinak ferekatzea. Hiloba gaztetxo bat dut eta hamaika aldiz ibili naiz haren oinekin jolasean, txiki txikitatik, eta oraindik ere eskatu egiten dit noiz edo noiz. Jada hamaika urte ditu. Azkazalak luze xamarrak eramatea gustatzen zait eta oso erraza da horiekin kilimak editea, edo azkureak baretzea edota gozatu ederrak eskaintzea esker oneko azal bati. Baina nahasten ari naiz.

Nere alabagaitik ari nintzen. Bainua dela, edo pardela aldaketa bat dela, edo orain modan dagoen “azala azalarekin” aita eta haurraren arteko kontaktu fisikoa parra parra bilatzea dela, gauza da elkar ikutzearen eztia eta ematen duen indarra somatzen ari naizela.

Jaiki, gosaldu, dutxa bat hartu eta ederki apaindu ondoren etorri klasera edo lanera edo dena delakora. Kalean topo egiten duzun jendeari “egunon” esan eta irribarre bat eskaini, beroketa modura, ia nola erantzuten duten. Gelan sartu eta jarri zure tokian. Ondoan esertzen zaizun lehenengo kideari eskua eskaini iezaziozu egun ona opatzeko, eta segidan ez utzi zure eskua askatzen, minik eman gabe edo gehiegi behartu gabe noski. Hartu bere eskua zureen artean, batekin heutsi eta bestearekin azala laztandu. Laztanak ez dute maitesunezkoak izan behar, errespetuzkoak baizik eta jakingurazkoak. Ileak dituen ikusi, hatz desberdinek nolako luzera duten ikasi, batenbatek okerduraren bat duen, azkazalen kolorea eta forma berezia, esku barruko arrastoen nondik norakoak, maskurrak edo gogortutako azala eremuak dituen. Hori dena eta otutzen zaizun gainerakoa.

Ariketa honek entrenamendua behar du, ez da behin egin eta ahazteko zerbait, ezta egunero pertsona berdinarekin saiatzekoa. Lana behar du eta denbora eta mugak gainditzeko gogoa eta ondoan dagoena gehiago ezagutzeko grina.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu