Pribilegioez


Urteak joan urteak etorri, Biteri Ikastetxe Nagusiaren inguruko aldatzen ez den irudi bat bere ostatu izaera da.

Neurri haundi batean gure errua da, ez baitugu asmatzen gure izaeraren oinarriak zeintzu diren modu egokian transmititzen. Baina beste ein haundi batean, posizio politiko bat ere bada; hau da, badago jende bat, ez dutenak Biteri ostatu bat izateaz aparte beste ezer ezin izan daitekeenaren ustea inolaz ere aldatu nahi.

Debate honen aurrean adibidez, unibertsitateko buru batzuek ez dute garbi ikusten zergatik ikasle batzuek beste batzuen aurrean, hainbat pribilegioz gozatzeko aukera izan dezaketen. Puntu honetan ostatu izatearen edo ostatu baino zerbait gehiago izatearen ideiaz gain gaude itxuraz, baina ez dugu aintzina aipatu dugun posizio politikoa begi bistatik galdu behar, ezta hortik aurrera sortzen den irudikapen kulturala.

Baina edonolako posizioez aparte, mesfidantza sortarazten didana “pribilegio” hitza da. Buelta asko eman dizkiot kontzeptu hori hankaz gora jartzen saiatzeko, hainbeste non irtenbiderik gabe aurkitu naizen azken egun hauetan, salaketa hori egin digutenei arrazoia emateko puntuan egon naizen. Prest nago ordea, egoiliar ohi batzuekin hitz egin eta gero, argudio berriak emateko.

Lehenik eta behin diru kontuez aritu beharko genuke. Biterira datorren ikasleak diru bat ordaintzen du, beraz bertako egoiliar izateagatik zerbitzu bat jasotzen du, dudarik gabe. Gauza da zerbitzu hori zertan datzan. Pribilegioen ideia eusten duten arrazoiek, Biteriko profesionalen lanaren gainean jartzen dute mira, ostatu hartzeak berez badakarrelako diru ordainketa bat, eta hori hartzen da Biteriren oinarrizko zerbitzutzat, besterik ezean.

Zer da hortaz Biterik eskaintzen duena? Zein da bertako profesinalen lana? Zer izan daiteke batzuek pribilegiotzat hartzen duten hori? Historian zehar belaunaldi desberdinetako gazteak beti izan dira gizarte bakoitzeko helduen kritiken objetu: arduragabeak direla, konpromezuak hartzea kostatzen zaiela, indibidualistak direla eta gixa horretako perlak ezartzen dizkiete. Normalki,  unibertsitatera datozen gazteek hiru aukeren artean bat hautatu beharra dute: 1) beste ikasle batzuekin pisu bat alokatu, 2) euren etxetik joan etorri ibili eta 3) Biterin ostatu hartu. Lehenengo aukerarentzako ez dut hausnarketarik, euren erabakia da pisua alokatzea eta kito, unibertsitateak edota Biterik ez du zeresanik. Oro har, gaur egun ere helduen ikuspuntutik abiatuta, gazteen heldu izatera bide hori ez da batere erreza, helduek hainbat ardura hartu behar dituztela exijitzen diete, baina aldi berean ez dira ausartzen ardura horiek har ditzaten uztera. Eta etxeko edo helduekiko egoera deseroso horretaz gain, euren kideen arteko harreman sutsu eta bortitzean bizirik iraun behar dute, norberak bere tokia topatu: amodioak, genero diskriminazioa, sexua, alkohola eta drogak, etxean erakutsitako balioak errealitatean frogan jartzea. Eta eskolaz kanpoko ekintzak ere hor daude, eta noski ikasketak. Gure ikasle gazte hauentzako beraz, unibertaitatera etortzea oihan beltz eta trinko batean murgiltzearen pareko da. Unibertsitatera datozen gazteen aukerekin bukatzeko, bigarren aukera hautatzen dutenek, euren familien laguntza eta euskarria dute, nola ez. Eta biterira etortzen direnak? Hauek langile profesional batzuen sostengua dute.

Hau horrela izanda, nik ez dut inondik inora Biterira datozen ikasleek bertan egoteagatik inolako pribilejiorik dutenik ikusten. Alderantziz ordea, nere ustez, unibertsitatearen betebeharra da, egoera korapilatsu eta hauskor horretan bizi diren gazteei segurtasun eta lasaitasun minimo bateko parada eskaintzea. Eta Biteriko egoiliarrek horixe bera da aurkitzen dutena gure etxean, eta horregatik ordaintzen dute.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu