Haur Hezkuntzarako ondorioak, Valladolideko kongresutik


Aurreko post batean adierazi bezala, Valladoliden aurkeztu ditugu poster bat eta bi komunikazio, zehazki kongresu honetan. Komunikazio batean hizpide izan ditugu 2-3 adin tarteko haurren inplikazio eta ongizate mailak. Bestean, berriz, oinarri hartu dugu tratu txarrak jasotako nerabeen egokitzapena.

Kongresuari dagokionez,  1000 lagun baino gehiago bildu garela kontuan izanik, oso bestelako ekarpenak izan dira. Zehazki Haur Hezkuntzari bagagozkio, hainbat lan iruditu zaizkit interesgarri, zenbait ondorioetara iristeko baliagarriak, hona hemen hiru adibide:

1. Haur Hezkuntzako egoera administratiboa edo legala oso anitza da Estatuan.  Zenbait testuingurutan 0-3 adin tartea Administrazioak arautua dago (EAE eta Nafarroan adibidez); beste hainbatetan ez. Dena den, araututakoen artean, aniztasun handia dago hainbat alderditan: ikasle-irakasle ratioak, helburuak, Haur Hezkuntza sustatzeko Politika… Aniztasuna ez da txarra, beti ere, irizpide ekonomikoak baino, kasu guzti-guztietan haurren ongizatea ipar hartzen bada . Horretarako, ezinbestekoa da Haur Hezkuntza ulertzea  etorkizuneko gizarteari begirako inbertsiotzat.

2. Haur Hezkuntzako profesionalentzat ezinbestekoa izan beharko litzateke ikerketa-ekintza edo jarduneko saiakuntza, alegia gaztelaniazko investigación-acción kontzeptua. Zer esan nahi duen horrek? Irakaslearen egunerokotasunaren azterketa sakona, horren gaineko hausnarketa, hobekuntza proposamenak eta egunerokotasunaren beraren aldaketa, berriz ere prozesuarekin hasteko eta etengabe hobetzen joateko. Nahiz eta prozesu bat izan, ikerketa-ekintza askoz ere gehiago da. Askorentzat da  lan egiteko modu bat eta Haur Hezkuntza bera ulertzeko modu zehatz bat. Horretarako, baina, ezinbestekoa da Haur Hezkuntzako profesionalek egunerokotasuna aztertzeko baliabideak izatea. Irakasleek eskuragarri izan behar dituzte behaketa eta erregistrorako tresna erabilerrazak.  Dena den, tresna horiek baliatzeko, esan gabe doa behaketari eta erregistroari dagokien garrantzia eman behar zaiela. Haurrekin zuzen-zuzeneko esku-hartzeaz gain, Haur Hezkuntzako irakaslearen zereginen barruan kokatu behar da patxadaz egunerokotasuna aztertzea. Hobekuntza eta berrikuntza hortik etorriko da.

3. Adin aniztasunaren onurak. Kanariar Uharteetako eskola bateko esperientziak argi utzi du onuragarria dela adin ezberdinetako haurrak nahastea. Lehen Hezkuntzako zenbait ikaslek  irakurtzeko zailtasunak zituen. Gainera, ez zuten zailtasun horiek gainditzeko motibazio berezirik. Horregatik, irakasleak proposatu zien haur hezkuntzako geletara joateko, haur txikiei ipuinak kontatzera. Hasieran LHko ikasleek harriduraz erantzun zuten baina denborak aurrera egin ahala, ipuin kontaketan murgiltzen joan ziren, motibatuz, gustura hartuz, intonazioa hobetuz, dramatizazioa landuz… LHko ikasleek irakurketa gaitasuna ez ezik, beste konpetentzia batzuk ere garatu zituzten. Irakasleen esanetan, LHko ikasleen auto-estimurako esperientzia baliagarria izan zen, haur hezkuntzako ikasleentzat erreferentziazko pertsonak bihurtu baitziren. Baina, LHko ikasleentzat ez ezik, Haur Hezkuntzako umeentzat ere esperientzia aberatsa izan zen. Nagusiengan arreta berezia jartzen zuten, imitazio jokabideak ugaldu ziren… Azken batean, txikienek nagusiagoengandik ikasteko esperientzia aproposak izan ziren.

Esperientzia horrek ematen du zer pentsa. Euskal Herriko zentro askotan, oso urriak dira adin ezberdinetako haurrak hartu-emanetan egoteko aukerak. Hazitegi taldetik argi dugu aniztasuna aberatsa bezain onuragarria dela. Haur nagusientzat, baliagarria egin dakieke adin bereko taldean ez duten rol bat hartzeko, garrantzitsu sentitzeko, ardurak hartzeko, erantzule bihurtzeko… Haur txikienek, berriz, egoera profita dezakete nagusiagoa imitatzeko eta imitazio horretatik ikasteko. Azkenik, esan gabe doa horrelako esperientziek ikastetxe, herri edo komunitate izaera ere aberasten dutela.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu