Pistoiako udal haur eskolak, Italian
Haur Hezkuntza hobeto ezagutzeko gogoak eraman gaitu Italiara. Heldu gara Pistoiako 0-6 adin tarteko Lago Mago deritzon haur eskolara zer erakutsiko diguten irrikan. Bertako irakasle batek, Monikak, egiten digu harrera, eskua tinko estutuz. Pozik dago gure bisitarekin. Esan digu beraiek ez dutela haur eskolan zuzendaririk, denek berdin kobratzen dutela eta denek egiten dutela bat proiektu pedagogikoarekin. Antza nork bere gain hartzen du ardura. Lehenik Haur Hezkuntzarako proiektuaren oinarriak, jarduerak eta denboraren antolakuntza azaltzen dizkigu eta ondoren egiten diogu eskolari bisita.
Abiapuntua gustuko izan dugu. Goizero umeekin asanblada egiten dute denak datozenean. Elkarrizketa da abiapuntua. Asko hitz egiten dute eta hortik sortzen dira proiektuak. “Beraz, curriculumik ez?” Galdetzen diogu, “ba, ez dugu horren beharrik”, erantzuten digu. “Eta fitxarik erabiltzen duzue? Ezta ere, ez du zentzurik guretzat. Esploratzeko eta jolaserako aukerak eskaintzen dizkiegu eta dena birziklatutako materialarekin”. Han ikusi ditugu material horiek haurrentzat eskuragarri eta han ikusi dugu zer eraikitzen duten, baita Haur Hezkuntzako txikienek ere.
Sorkuntza? Hori bai dela sorkuntza! Eta giro lasai eta atseginean. Tartean familiak sartzen ikusten ditugu; gela barruraino sartzen dira. Beraiekin zein harreman duten galdetzen diogu. Familia eta umea osotasun bat moduan hartzen dute, beraientzako klabeak dira Haur Hezkuntzako proiektu pedagogikoan. Bilerak egiten dituzte beraiekin afaldu baino lehen edo ostean. Kontutan izanda afaria arratsaldeko 7retan dela, ba batzuetan 9etan biltzen dira. Datu horrek harritu egiten gaitu, gure testuinguruan ez baita erraza halakorik aurkitzea. Beraiek oso argi daukate familiak inplikatzeko beraiek ere inplikatu behar direla. Eta hala egiten dute, datorren igandean, hirian “altxorraren bila” jolasa egingo dute, irakasle, haur, guraso eta komunitateko hainbat eragileren artean. Hezkuntza da buruan daukaten zutabe nagusia eta erdian haurrak daude, hiriaren etorkizuna izango direnak. Ondo sentitu gara beraiekin eta eskerrak eman ostean bagoaz, Haur Hezkuntzan gauzak beste modu batera egin daitezkeen sentsazioarekin.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu