Haur helduak ala umetutako nagusiak?


Aula de Infantil aldizkarian Jordi Cots-en iritzi bat irakurtzen ari naiz eta aspaldian bueltaka darabildan ideia baten ingurukoa da. Esaten du haurrei haurtzaroa laburtzen diegula eta helduaroan, berriz, heldu “infantilak” direla, umetutako nagusiak alegia. Eta pentsatu dut, zenbat umetutako heldu ezagutzen dut? Nola bihurtzen da heldu bat heldu? Jordiren ustez haurra behar baino lehenago haur izateari uztera eta heldu izatera behartzen dugunean, haur izate hori helduaroan azaleratuko du.

Uste dut kasu guztietan ez bada ere, gure herrian halakorik gertatzen dela. Arrazoiak anitzak izan daitezke baina niretzako kezkagarria da heldu bat “umekeriatan” aritzea edota beharko lukeen heldutasunik ez izatea. Kasu horietan, bada, zer egiten dugu helduok hori gertatzeko? Haurtzaroa ikusten dugun moduarekin zerikusirik ba al du? Uste dut gaiari ikuspuntu askotik heldu ahal diogula. Ez da nire asmoa guztiak jorratzea, bai ordea hausnarketarako ideia batzuk plazaratzea.

Gure gizartea oro har helduaren “unibertsoaren” inguruan antolatua daukagu, ez umeen inguruan, ez gazteen inguruan, ez zahartzaroaren inguruan. Ume-aroa heldu-arorako prestakuntza garaia da, gaztaroa heldu-arorako prestakuntza garaia da, eta zahartzaroa, ba karga bat, zer izango ote da ba? Barkatu, heldu-arorako esan beharrean gure gizarte modernorako esan nahi nuen. Eta nolakoa da gizarte hori? Ba konpetitiboa, noski, izan behar legez. Beraz, zer egin dezakegu gure haurrekin halako gizarte batera egokitzeko? Prestatu, ahalik eta gehien eta ahalik eta lasterren. Hor daude gurasoak parkean jo eta su besteei erakusten beraien haurrek zein arin “ikasi” duten oinez, fardel barik egoten, hitz egiten, idazten, irakurtzen… Mila gauzetara apuntatuko dute eta hara non agertzen den gurean behintzat fenomeno berri bat: haurren estresa.

Bestalde, hor daukagu telebista eredu “ezin hobeak” aurkezten. Orain dela gutxira arte, 8 urte genituenean, ondoko 9, 10 edota 11 urteko umea imitatzen genuen, bera bezalakoa izan nahi genuen, eta 11 izandakoan, 13, 14koa genuen buruan. Gaur egun, haurrek, guztiek izan ere, nortzuk imitatzen dituzte? Eta nolakoak dira ereduak?

Hor dago eskola gauza bera egiten. Mugimendurako, gorputzarekin egiten dugun hori, ahal bada klasetik kanporako uzten du, jolas-ordurako esan nahi nuen. “Ohitu” behar dira mahai baten aurrera eserita eta isilik egoten. Haur hezkuntzako irakasleak presionatuak daude lehen hezkuntzakoengatik, hauek, bigarren hezkuntzakoengatik eta azken horiek batxilergoengatik. Batxilergokoek berriz, unibertsitatekoen presioa igarriko dute, ziurrenik.

Eta heldutasunari dagokionez, ba al dago hori curriculumean? Ba al dago hori gurasoen buruan? Ba al dago komunikabideetan? Gu nolako ereduak gara beraientzako? Utziko al diegu behingoz beraien erritmo naturalean hazten? Utziko diegu jolasten nahikoa heldu-aroan horretarako premia izan ez dezaten?

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu