Erresilientzia eskolan


Gizartean, arrisku-egoerak edo esperientzia larriak eta traumatikoak jasaten dituzten pertsona askok, gaixotasunak pairatzen dituzte. Ostera, zenbaitek egoera gainditzen dute eta askotan indartuak ateratzen dira esperientzia horietatik. Baina, zorigaitzeko faktore horien aurrean, zergatik ez dira pertsona guztiak gaixotzen haien egoerak parekoak izanik?

Egindako ikerketetan oinarrituta, hori argitzen duen kontzeptu bat garatu da: erresilientzia, ezbeharrei aurre egitea lortzen duten pertsonen ezaugarriak biltzen dituena. Kontzeptu horretatik abiatuta, gaur egun, erresilientzia ezinbesteko trebetasuna da nork bere bizitza-proiektua eraikitzeko bidean. Horren arrazoiak dira, besteak beste, erresilientzia bizirauteko ezaugarritzat jotzen dela; bizitza osasuntsu bat garatzeko aukerak handitzen dituela; etorkizunean, erresilientzia lantzeak gaixotasun psikiko gutxiago egotea bermatzen duela; errendimendu akademikoan laguntzen duela; eta, azkenik, pertsonaren auto-estimua, autonomia edo eta harremanak hobetzen dituela.

Iraganean, pentsatzen zen erresilientzia faktore intrapertsonala zela, alegia genetikoki transmititzen zela. Hori dela eta, ez zen erresilientziaren garapena sustatzen. Gaur egun, ordea, nahiz eta genetikaren garrantzia hor egon, jakin badakigu, erresilientzia landu daitekeela, izan ere, giza erresilientzia, atributu natural eta unibertsala baita, osagai biologiko, psikologiko eta sozialez osatutakoa.

Aipatutako hori guztia kontuan izanik, zein da erresilientzia, familiaz gain, garatzeko lekurik aproposena? Eskola, nola ez, Haur Hezkuntzatik hasita. Eskola gizakiaren garapen holistikoaz arduratzen den instituzioa da, eta gure ustez, haur erresilienteak sortzeko erantzukizuna izan behar du beti ere. Tamalez, gai hori ez da inondik inora curriculumeam azaltzen, eta azaltzekotan jorratzeko moduan zalantzak izan ohi dira nagusi.

Lantzekotan, kontuan izan behar dugu erresilientziaren zutabeak direla, Rojas Marcos psikiatra handiak dioen bezala, pentsamendu positiboa, erlazio afektiboak, funtzio exekutiboak, barne kontrol zentroa, auto-estimua eta bizitzari ematen zaion zentzu subjektiboa. Gizakiak, txiki-txikitatik, ezbeharrak pairatu eta gainditzeko gaitasunak garatu behar ditu, hau da, gizakiak estrategia eta erantzun babesleak aktibatu behar ditu ezbehar konkretuak leundu eta gainditzeko. Eta aipatutako hori guztia familian ez ezik eskolan ere hezi daiteke.

Zehazki zeintzuk izango dira erresilientzia haurrengan lantzeko ondorioak? Orokorrean, lehenago aipatu duguna: arazoei aurre egiteko trebetasun gehiago izango dituztela eta hauetatik indarberrituta aterako direla. Baina, horretarako zer aldatzen da? Nagusiki bi faktore:

Batetik, arrisku adierazleak sumatzea ahalbidetzen digun intuizioa eta arazoei aurre egiteko barne kontrol zentzua indartzen da; baita lidergo altruista gauzatu eta laguntza behar duten beste batzuk gidatzera eta laguntzera bultzatzen da ere.

Bestetik, bizitzako estres egoerak edo ezbeharrak azaltzeko orduan, pasatu egingo diren ezbehartzat hartzea, orokortzeak egiten, gertatutakoagatik euren buruari kulpa gehiegi ez egozten, eta euren erruduntasun maila zein besteen akats posibleak aintzat hartzen ikasten da. Gainera, ezbeharretan aspektu positiboren bat aurkitzeko gai izatea, edota ikaskuntza gisa baliagarri izaten ikasten da. Halaber, aipatu beharra dago ezbeharrak edo zoritxarreko egoerak umorez azaltzeko gai izaten ikasten dela, eta oroitzapenak, gorputz sentsazioak, erabateko beldur, min, nahaste, sentiberatasun, edo babes gabeko sentimenduak oroitu, ordenatu eta kontatzen ikasten dela. Azken honek gizabanakoari sentimendu horiek intentsitate emozional baxuagoko pentsamendu koherente bihurtzea ahalbidetzen dio, zeinek subkontzientean edo memoria emozionalean gera daitezen ekiditen duen, antsietate kronikoa, norberaren pertsonalitatearen disoziazioa edo depresioa ekar ez dezaten. Azkenik, esan behar da erresilientziak atzean utzi edo ahaztea ahalbidetzen duela mingarriak izan diren eta gainditu diren ezbehar edo gertaerak.

Norbait animatzen da eskoletan, Haur Hezkuntzatik hasita, erresilientzia garatzera?

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu