Haur Hezkuntzarako txertoa: kanpo espazioa


Jaiotzen garen unetik bertatik mota askotariko txertoak hartzen hasten gara; hepatitis, difteria, tetanos eta meningokokoaren kontrakoak dira gehien entzuten ditugunak. Ohikoa da gure gizartean gizarte segurantzak barne hartzen dituenez gain, farmazian saltzen dituzten beste horrenbeste ere aintzat hartzea. Baina bada eskolan edo familian gehiegi kontsumitzen ez dugun bat: kanpo espazioaren erabilera gabeziaren aurkako txertoa.

Gero eta urriagoa da gure haurrek kanpo espazioan ematen duten denbora, senideekin zein eskolan. Jaioberriak direnean ezinbestekotzat jotzen dugu haurrekin egunero-egunero kalera irtetea. Ez diogu eguraldiari erreparatzen, ezta ere izan ditzakegun beste hainbat betebeharri ere; “haurrak haizea behar du” eta hori da gure lehentasuna. Urteak aurrera joan eta haurrak eskolatu ostean, beste hainbat jarduera egiteko “aisialdiko” hainbat ekintzatan matrikulatzen ditugu: ingelesa, musika, kirol ezberdinetan eta marrazketan, besteak beste. Baina jarduera hauetatik guztietatik eta eskolan egiten dituztenetatik, zenbat bideratzen dira kanpo espazioan? Pentsatu al dugu inoiz gure haurrek egunean zehar “behar duten haize horretatik”, zenbat kontsumitzen duten? Berriki argitaratutako inkestek erakusten dute Espainiako estatuko 4-12 urte bitarteko haurrek 15 minutu besterik ez dituztela ematen kanpo espazioan jolasean, “beharrezkoa duten horretan” alegia (Gisasola, 2011).

Richard Louv-ek (2005) gizakiak kanpo espazio honetatik banatzean jasaten duenari izena jarri dio: Ingurunearen urritasunaren nahastea (Trastorno de deficiencia de naturaleza). Hala diosku Louven definizioarekin bat datorren LeFebvrek.  Illinoiseko Unibertsitatean bideratutako ikerketak (LeFebvre, 2011) erakusten du kanpo espazioetan denbora igarotzeak Arreta Gabeziaren Nahastearen (AGN) sintomak gutxitzen dituela modu esanguratsuan bost urte inguruko haurrengan. Azterlan horrek, halaber, estres negatiboaren gutxitzea ere erakusten du.

Espazio honen erabilera bermatzea eta gure haurren ongizatea bilatzea denez gure betebeharra, saia gaitezen geure interes propioa elikatzen lehenik, haurrek jarraituko baitute geuk egiten dugun bidea. Kanpo espazioak aukera paregabea eskaintzen digu ikasleak ingurunearekin harremana baztertu gabe hazi eta hezi daitezen. Zuhaitzak, harriak, animaliak eta landareak jolasaren intentsitaterako, beraien ikaskuntzaren sentsibilitate eta sormenerako, askatasun sentimendu eta espazio pertsonalerako eta arriskuak maneiatzeko gaitasunerako mesedegarriak dira guztiz (Freire, 2010).

Asko dira azkenaldian kanpo ingurunearen erabileraren garrantziaz hausnartzen ari diren ikerlariak, jatorri anitzekoak izan ere. Baina batez ere, Europan egindakoak dira ikerketak, hala nola: Norvegia, Suedia, Alemania, Ingalaterra, Gales, Irlanda edota Eslovenian. Herrialde horietan egindako ikerketek erakusten dute kanpo espazioen erabilera sustatzea beharrezkoa dela, hainbat arrazoigatik:

1. Haurrek gogoko dituztelako erronka berriak sortarazten dizkieten espazioak.

2. Kanpo espazioak interakzio aberatsagoak bultza ditzakeelako.

3. Kanpo espazioak haurren interesetatik abiatzeko aukera gehiago eskain ditzakeelako.

4. Kanpo espazioak aberats ditzakeelako jolasa eta ikerketa eta, ondorioz, garapenaren arlo kognitiboa, motorra eta soziala bultza ditzakeelako.

5. Kanpo espazioak harremanetarako beste aukera batzuk sor ditzakeelako.

6. Kanpo espazioak profesionalei beren lana beste era batean irudikatzeko aukera eman diezaiekeelako.

Beraz, ikerketa horiek guztiak Haur Hezkuntzako ikastetxeetan kanpo espazioen erabileraren aldeko apustua egiten dute. Baina ez dezagun aukera hori soilik ikastetxearen esku utz eta goazen guztiok merkatuan eskuragarri daukagun txerto iraultzaile honen bila. Nola? Has gaitezen LeFebvrek iradokitako pauso txiki batekin:

“Empiece lentamente con diez o quince minutos al día solamente de juego no estructurado al aire libre. Aumente gradualmente hasta una hora diaria. Luego planifique una aventura en la naturaleza periódicamente en la que toda la familia esté rodeada de verdor. Joseph Cornell, autor de Sharing Nature with Children y fundador de Sharing Nature Foundation  sugiere que se encuentre un lugar que sea emocionante, donde haya cosas para ver- un bosque en el otoño o una laguna llena de insectos acuáticos.” (Le Febvre, pp.1, 2011)

4 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Aritz

    Kaixo,

    Oso post interesgarria, bai horixe!

    Aizue, gustura sakonduko nuke aipatzen duzuen gai horretan. Gisasola, Le Febvre eta gainerakoek egindako ikerketen inguruko informazio gehiago izan nahi nuke. Aipamen bibliografikoren batzuk emanez gero, nahikoa nuke.

    Aurki arte.

    Aritz

    • 2
      nmiranda

      Kaixo, Aritz:

      Lehenik eta behin, mila esker gure bloga jarraitu eta erakutsitako interesagatik. Hemen dituzu eskatutako aipuen erreferentzia bibliografikoak ea erabilgarriak suertatzen zaizkizun:

      • Freire, H. (2010). La escuela es el bosque. Cuadernos de Pedagogía, 407; 72-75
      • Guisasola, M. (2011). ¡¡Niños Fuera!!. Eibar. Revista Popular- III Época, 102; 8-9
      • LeFebvre, J. (2011). La crianza del niño de edad preescolar. Kontsulta: 2011-10-21. Iturria: http://parenting.uwex.edu/crianza-nino-edad-preescolar/documents/explore.pdf
      • Louv, R. (2007). No deje a un niño en la casa. New York, NY: Orion. In LeFebvre, J. (2011). La crianza del niño de edad preescolar. Kontsulta: 2011-10-21. Iturria: http://parenting.uwex.edu/crianza-nino-edad-preescolar/documents/explore.pdf

      Bestalde, European Early Childhood Education Research Journal aldizkariaren 18. zenbakian, gaiari buruzko monografiko bat aurkitu dezakezu, Outdoor play and learning izenburuarekin, hain zuzen ere.

      Besterik gabe,

      Nekane.

  2. 4
    Aritz

    Kaixo:

    Eskaera lotsagabe samar batekin natorkizue. Kontua da, datorren astelehenean praktiketako ikasle bat hasiko dela nirekin gelan jo eta su. Gaur etorri zait bisitan, eta esan dit niri buruzko lan bat egin nahiko lukeela praktiketarako. Hori entzundakoan, nik esan diot, zuek, Hazitegikook, irakasleen sentikortasuna aztertzen aritzen zaretela, eta akaso berak ere antzeko zerbait egin lezakeela nirekin.

    Alegia, pertinente eta egoki ikusten al duzue praktiketako ikasle horrek zuek irakasleen sentikortasuna neurtzeko taulak, parametroak… erabiltzea. Tresna horiek erabiltzeko gai izango al da irakasle-ikasketak egiten ari den bat?

    Erantzuna baiezkoa balitz, ni gustura.

    Zuek zer erantzungo zain,

    Aritz

+ Iruzkin bat laga