Farmakoak umeentzat, noren mesede?
Gure liburutegian baditugu hainbat harribitxi eta horietako bat ikusteko aukera izan nuen orain dela aste batzuk. Dokumentala da eta izenburua deigarria bederen: La Psiquiatría: una industria de la muerte. Gizakiaren eskubidearen aldeko elkarte batek –Comisión Ciudadana de Derechos Humanos– aurkezten du, baita psikiatriaren historia azaldu ere, sorreratik gaur egunera arte. Egia esateko, beldurgarria dela esateak ez luke ongi adieraziko ikusterakoan sentitu nuena. Nahiz eta tortura ezkutua eguneroko gauza dela jakin, makina bat psikiatrek egin duten tortura instituzionala agerian ikusteak aukera ematen du hausnartzeko gizakiak duen gaitasunaz irrealtasuna errealitate modura bizitzeko. Baina gainera, gaur egun lazgarriagoa den zerbait aipatzen dute. Beraien esanetan, Estatu Batuetako testuinguruan:
Los peligrosos fármacos psicotrópicos para la depresión, estrés, ansiedad, hiperactividad y TDAH alimentan una industria psiquiátrica de 330 mil millones de dólares sin una sola cura y con un alto coste en vidas humanas, matando más de 42.000 personas cada año y dañando a muchísimas más. Si necesitas ayuda, infórmate a conciencia antes de destrozar tu vida o la de uno de los tuyos con estos peligrosos tratamientos que alteran la mente.
Psikiatria sortu zenean ez zen medikuntzaren barnean ere sortu, betiko lez jende desberdina ezkutatzeko bide bat izan zen. Gerora sartu ziren medikuntza alorrera eta botere handia lortu zuten. Beraien hitzak, Jaungoikoaren hitzak. Antza, jende desberdin hori gaixo zegoen, burutik baina. Mediku baten egiteko garrantzitsuena gaixotasuna sendatzea da eta hala egiten du kasu askotan. Baina zein gaixotasun sendatu zuen psikiatriak bere psikiatrikoetan? Agian, sendatzeko moduetan ez zuten asmatu medikamentuak sortu arte. Orduan, beste edozein mediku tradizional batek egiten duen moduan, gaixotasun mentalak sendatzeko medikamentua eman eta listo. Eta horrek sendatzen du? Barkatuko didazue baina ez orain ez inoiz ez du ezer sendatuko buru nahaste deritzenak, batez ere ez direlako gaixotasunak. Beste alor batzuetan egiten dugun moduan, medikuntza tradizionalari botere gehiegi eman diogu, are gehiago industria farmazeutikoari. Agian gaixotasuna beste modu batera ikusiko bagenu eraiki dugun gizartearekiko kritikoagoak izango ginateke. Oraingoz gure lepora dirua irabazi eta irabazi ari dira.
Baina zer gertatzen da gure seme-alabak ere inplikatu nahi dituztenean? Irakasle zaretenok eta besteok ere, gogoratzen duzue orain dela 10 urte gure ikasleek ote zuten TDAH delako hori? Zer gertatu da ba geroz eta kasu gehiago egoteko? Ez duzue ba esango lehen bazeudela eta ez genituela diagnostikatzen, ezta? Nondik sortzen da “gaixotasun” hori? Zerk sortzen du? Ba al dago alterazio biokimikorik? Oraingoz ez da frogatu. Halere, badakigu hor dagoela eta “gaixotasuna” denez, “sendatu” ahal dugula. Nola? medikamentuz. Baina ezagutzen ahal duzue “sendatu” den norbait? Edo ikasle hori askoz apalago dago drogatuta dagoelako?
Pontificia Universidad Católica de Chileren argazkia Flickr-en.
Umea osasuntsu -emozionalki, jokabidez, irudimenez eta fisikoki- garatzeko genetikoki programatuta dago, haritz eder bat izateko helburua duen hazia da. Testuinguru sozial eta fisikoak baldintzatuko du garapena osasuntsua izatea edo ez. Ardura beraz, testuinguruak dauka. Osasun eskasia dagoenean mesedez, alda dezagun testuingurua, ez dezagun pentsa testuingurua aldatu gabe umea aldatuko denik. Eskolan, ume guztientzako hazkuntza testuingurua den heinean, ez diezaiogun esan haurrari aldatzeko, alda dezagun eskaintzen dioguna eta egokia bada, haurrak bere osasuna berreskuratuko du. Bizipen emozional negatiboek, kanpo presioak, segurtasun ezak, larritasunek haurrengan eragin negatiboa dute eta ondoez hori azaleratzen dute arreta gabezia eta hiperaktibitatearekin. Azter dezagun lehenik bere egoera emozionala eta ziur dugula hor pista.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu