Adin aniztasuna Haur Hezkuntzan
Helduak hilabete bat eman dezake margoekin gora eta behera umeak margotzeko grina azaldu arte; aldiz, txikiak bere anaia, arreba edo ahizpa nagusia zeregin horretan ikusi eta handik bost minutura jada margotzen ari da, inork ezer esan gabe. Imitatzeko berezkoa dugun gaitasun horri nahikoa etekin ateratzen diogu Haur Hezkuntzan? Nola irudikatzen dugu adin aniztasuna Hezkuntzan? Eskaintzen diogu aukerarik adin ezberdinetako haurrak elkartzeari?
Adin aniztasuna gure ustez, oro har gutxi erabiltzen dugun baliabidea da. Aitzitik, Haur Hezkuntzan adin aniztasuna proposatzeko arrazoi ugari dugu. Hasteko, adibidean adierazi bezala, adin aniztasunak imitazioz ikasteko aukerak ematen ditu. Behaketan oinarritutako ikaskuntzari erreparatzen badiogu, oso argi dago imitaziorako gaitasunak esanguratsuki bultzatzen duela ikaslearen ikaste prozesua. Adin aniztasunezko testuingurua, beraz, testuinguru egokia litzateke berdinkideen arteko imitazioa gertatzeko. Diogun hori ez da berria, adin ezberdinetako seme-alabak dituen edonork esan baitezake seme edo alaba nagusia zein estimulagarria den txikiaren ikaste prozesurako.
Ildo berean, nagusiagoak direnak txikientzako gatazka (kognitibo) sortzaileak bilakatzen dira. Jolasean haurrek arauak negoziatu eta birnegoziatzen dituzten bezala, txikiek kontzeptuak ere kolokan jarriko dituzte nagusiagoei erreparatuta. Ezagutza garatuagoa duten haurrak garapen maila baxuagoa dutenentzako irakasle izango dira.
Horrenbestez, taldearen aniztasunak guztientzat aberastasuna dakar, sozializaziorako aukera anitzak eskaintzen ditu eta ikasleei rol ezberdinak hartzeko aukera eskaintzen die. Gainera, nagusiagoak diren umeek bitartekari edo aditu rola izan dezakete momentu batzuetan. Txikienak berriz, hazten doazen heinean, beraiek hartuko dute aditu rol hori eta lehen nagusien ikasle izanak diren era berean, gero beste ikasle batzuen irakasle bihurtuko dira. Are gehiago, ume nagusiek txikienen zaintzarako aukera bikaina izango lukete. Hala bada, autoestimu eta autokontzeptuari begira rolen aldaketa hori oso onuragarria da.
Beraz, txikienek nagusiagoengandik ikasteko ez ezik, adin aniztasuna lagungarria izan daiteke haur guztiak gelako dinamikan murgiltzeko, afektibitatea adierazteko, hartu-eman esanguratsuak izateko, besteenganako konfiantza eraikitzen joateko edo lehiaren gainetik elkarlana sustatzeko.
Microturbian-en argazkia Flickr-en.
Haur Hezkuntzan eginiko ikerketa gehienek erakusten dute adin aniztasunaren planteamendua oso positiboa dela ikasleen garapenerako. Dena den, baldintza jakin batzuk beharrezkoak dira adin aniztasunari etekin nahikoa ateratzeko. Tentuz zaindu beharrekoak dira, besteak beste, ondoko hauek: irakasle-haur ratioa, espazio eta denboraren antolaketa, aukeratutako materialak, proposamen didaktikoak, irakasleen arteko koordinazioa, irakaslearen esku-hartzea…
Testu hau irakurtzen ari den norbaitek, akaso, galdetuko du ea gaur egungo taldekatzeekin amaitu gura dugun. Beste irakurleren bat, agian, eskola txikien errealitatearekin gogoratuko da. Eta beste irakurle hura, berriz, hemen esandakoa alderatzen arituko da bere eskolan zirkulazio librean gertatzen denarekin. Ziurrenik, adin aniztasuna bere lana zailduko lukeela pentsatzen duen irakurlerik ere badago.
Edozein dela irakurketa, xumeak badira ere, adin aniztasuna baimentzen duten esperientziak izatera gonbidatu nahi zaituztegu. Une jakin bat aukeratu, adin ezberdinetako haurrak elkartu eta aztertu zer gertatzen den. Pozik irakurriko ditugu zuen esperientziak.
Ohi bezala, post interesgarria oraingo hau ere! Bejondeizuela!
Segidako lotura honetan ere gai beran dihardute:
http://www.grao.com/forums/dividir-escuela-edades
Aritz
Eskerrik asko, Aritz!
Interesgarria partekatu duzun esteka. Bai horixe!