Haur Hezkuntza Katalunian II


Aurreko honetan ere hitz egin genuen Kataluniako Haur Hezkuntzaren egoera ezagutzeko egindako bidaiaz. Oraingo honetan ere, hizpide izango ditugu han ikusi eta ikasitakoak, kasu honetan, Vic hirian eta bere inguruan ezagututakoak hain zuzen.

Lehenik eta behin, aitortu behar dugu oso harrera ona egin zigutela Universitat de Vic-en. Eurei esker aukera izan genuen bertan eskaintzen duten Montessori masterraren nondik norakoak ezagutzeko. Halaber, Maria Montessorik berak hautatuko lituzkeen materialekin hornitutako gela ere ezagutu genuen. Horrez gain, parada izan genuen unibertsitatean bertan daukaten Haur Hezkuntzako laborategia bertatik bertara ikusteko. Bere ideologoaren omenez Teresa Buscart izendatutako laborategia oso baliabide interesgarria da Haur Hezkuntzako graduko ikasketetako ikasleekin simulazioak egiteko, espazio, material eta proposamen didaktikoen antolaketa lantzeko eta oro har, euren ikasketei izaera praktikoagoa emateko. Argazkian ikus daitekeenez, unibertsitatean bertan kokatutako Haur Hezkuntzako ohiko gela bat da.

Labtx

Baina euren proiektu eta azpiegituraz gain, aukera eman ziguten Vic hiriko eta Tona herriko eskola bana ezagutzeko.

Batetik, Vicen 3 urtetik gorakoentzako La Sinia izeneko eskola bisitatu genuen. Eskola lekutzen da batez ere Afrikatik etorritako pertsonak bizi diren auzo batean. Kokapen horrek eskolaren izaera baldintzatu du, bertako ikasleen gehiengoak jatorri afrikarra baitu. Berez, eztabaida handia egon zen eskolan. Zer da hobe etorkinak hiriko hainbat eskolatan banatzea ala auzoaren errealitatea onartu eta auzoan errotutako eskola bat eraikitzea? La Sinian bigarren aukera horren alde egin zuten baina baldintza batekin: katalanera izatea jatorri ezberdinetako haur horien topagune. Eta zinez interesgarria izan da beren hizkuntzaren aldeko apustua egunerokotasunean nola gauzatzen den ikustea: ikasturtean zehar etortzen diren ikasleei begirako harrera zerbitzua, hizkuntza eta jolasa uztartzeko baliabideak, proiektuka lan egitea, egunerokotasunaren dokumentazioa…

Siniatx

Bestetik, 0-3 urteko haurrak hartzen dituen Tonako Udalak bultzatutako haur eskola da Pa amb xocolata. Pasioz betetako haur eskola da, militantziaz. Hori diogu zenbait kasutan, azpiegitura edo material eskasiari erantzuten diotelako eurek beraiek sortutako materialekin. Hantxe ikasi genuen zenbat gauza egin daitezkeen hozkailu bateko kartoizko kutxarekin edo frutak eramateko saski handiekin. Baina sormen handiko lanez gain, proiektu sendoa dauka haur eskolak. Proiektu sendoa da oso argi dituztelako beren printzipioak: haurren errespetua, bere zentzurik zehatz zein zabalenean eta gurasoekiko harremanak. Gurasoekiko harremanei dagokienez, egunerokotasunetik haratago, azpimarratzekoak iruditu zitzaizkigun gurasoekin egiten dituzten afari eta jaialdiak, besteak beste.

Honaino Vic inguruak emandakoak. Bartzelonan ikusitakoak hurrengo post baterako utziko dugu.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu