Haur Hezkuntza Katalunian III


Sarrera berri honekin amaiera emango diogu Kataluniara Haur Hezkuntzako esperientzia interesgarriak ezagutzeko eginiko bidaiaren kontakizunari. Kontakizunaren azken kronika honetan bi haur eskolatan ikusitakoak izango ditugu hizpide: Cascavell eta Cespedes haur eskolak.

Cascavell haur eskolari dagokionez, azpimarratzekoa iruditu zitzaigun bertako langile guztien inplikazioa. Garbitzaileek eta sukaldeko langileek bere egiten dute eskolako proiektua. Esan gabe doa proiektu partekatua izateak balio erantsia ematen diola zentroari. Gainera, euren inplikazioa gako da esperimentazio ekintzak aurrera eramateko garaian.

Langile guztien inplikaziotik haratago, Cascavell haur eskolan bestelako hezkuntza kezkak ere badituzte. Adibidez, esplorazioa bultzatzeko estrategia anitzak dituzte, haur bakoitzarentzat pertsonalizatutako arreta une intimoak izaten dituzte, haur bakoitzaren mugimenduarekiko erabateko errespetua adierazten dute… Hain zuzen ere mugimenduarekiko errespetuari dagokionez, Pikler-en ikuspegia aldarrikatzen dute. Benetan interesgarria mugimenduan dagoen haur bati pixoihala aldatzeko modua!

Cascavell

Cespedes haur eskolari dagokionez, lehenik eta behin proiektuaren berezko indarra azpimarratu behar da. Cespedes ez da Haur Hezkuntzako zentro arrunt bat, askoz ere gehiago da. Eskolatik haratago, haurraren ongizateari begirako zentrotzat har daiteke. Zergatik? Haur eskolaren ohiko zerbitzuez gain, komunitateari begirako makina bat zerbitzu eskaintzen duelako. Proiektuaren hastapenetatik inplikatuta egon dira herriko emagina, pediatra, zerbitzu sozialetako udal beharginak… Inplikazio horrek ahalbideratu du haurrei ez ezik, familiei eta oro har interesa duten komunitateko gainerako kideei ikastaroak, eztabaida irekiak, jolaserako aukerak… eskaintzea. Eta, bidenabar, horrek guztiak ahalbideratu du Cespedes bihurtzea ahots ezberdinen topaleku.

Haur eskola eta topaleku izaera bikoitz horrek isla dauka espazioaren antolaketan. Alde batetik, lehenengo solairuan, haur eskolarekin lotutako elementu guztiak daude. Bestetik, bigarrenean lekutzen dira arestian aipatutako zerbitzu guztiak: familientzako espazioak, ikastaroak eta eztabaidak egiteko tokiak, eskolatik at kokatutako jolas esparrua…

Zehazki haur eskolako espazioari dagokionez, gure arreta piztu zuten bi elementutan zentratuko dugu gure testua: plaza eta kanpoko jolastokia. Plaza da gela guztiekin komunikatuta dagoen espazio zabala. Herriko plazek historikoki egin izan duten bezala, gela ezberdinetako haurrak elkartzeko tokia da. Toki hori, baina, oso espazio aberatsa da. Haurraren mugimendua baimentzen duen espazio zabala da, igo, jaitsi eta ezkutatzeko makina bat aukera ematen duena. Halaber, esploraziorako oso bestelako materialak eskaintzen ditu, baita jolas sinbolikorako ere.

Kanpoko jolastokiari dagokionez, bere osotasuna azpimarratu behar genuke. Hamaika aukera ematen dituen espazioa da: gordetzeko, ezkutatzeko, jolas sinbolikorako, mugimendurako, atsedenerako, urarekin eta hondarrarekin esperimentatzeko, naturarekiko harremanak izateko, lurrean “marrazteko”… Ikusgarria eta ikustekoa, ezbairik gabe.

Cespedes

Kataluniara eginiko ikasbidaiaren kontakizunarekin amaitzeko, ezin ditugu aipatu gabe utzi Rosa Vidiella, Elia Martinez eta Teresa Godall. Eurekin izandako elkarrizketek aukera eman ziguten haurraren ikuspegiaz eta, bide batez, Haur Hezkuntzaz hausnartzeko. Hausnarketa horretatik ondorioztatzen dugu, batez ere, haurrarekiko begirada zorroztu behar dugula, haurrak igortzen dituen seinaleei erantzun egokia emateko. Azken batean, seinaleei erantzun egokia ematean oinarritzen da Haur Hezkuntzako irakasle onaren esku-hartzea.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu