Aukerarik ez dagoenean zer egin?


Loba jaio berri eta ohikoa denez, oparitxo bat egitea pentsatu genuen. Baina zer oparitu? Horrelakoetan kontutan hartzeko zen jada gure Urrek anaiatxo bat duela, eta Ekik denetarik duela. Halere saiatu behar eta hara dendara joaterakoan zailtasunak nola handiagotzen diren. Lehenengo begiradan 2 kolore. Erraza jakitea zeri dagokion kolore bakoitza. Arrosa argi “hori” eta urdin argi “hori” dira, nola ez. Zer egin ordea? Ba denda goitik behera errebisatu zerbait lortuko nuelakoan. Ia dena atera arazi eta gero argia ikusi nuen tunelaren bukaeran, koloreetako mantatxo bat! polita benetan, nire gustukoa. Beste aukerarik? Ez, esan zidan, bakarra dago. Baina ez da hori inoiz aldatuko? Esan nion dendariari. Noiz arte horrela? Noski, berak ezin duela ezer egin eta horiek zirela hornitzaileak ekartzen zizkionak, hartzea beste erremediorik ez zuela.

Dendatik irten nintzen pozik eta kezkatuta aldi berean. Egia esan kolore horiekiko nire bizipena ez da oso positiboa, ez zaizkit gustatzen. Badakizue, gure mundu emozionalak objektu, material, une, natura, denbora, eta koloreak beraiek ere tindatzen ditu. Baina inkontzienteki egin ere, norberaren hausnarketaren filtrotik pasa gabe. Hor barruan geratzen dira arrosa “hori” eta urdin “hori”. Imajinatzen duzue jaioberrientzako kolore guztietako arropa, body, manta, painelu, eta abarrekoak? Gurasoek egunero arituko lirateke mundu guztiak egingo lieketen galdera erantzuten: zer da, mutila ala neska? Ba, … Eta hain garrantzitsua egiten zaigu jada hori jakitea? Aste betekin? 2 hilabeteekin? Zer gertatzen da, bestela gerora identitate krisi bat izango duela?

Haurtzaroari kolore gehiago ematera gonbidatzen zaituztegu. Norbaitek halakorik diseinatu eta egiten badu (agian kooperatiba bat?), nik erosiko diot, nahiz eta gauza horrek zatitxo bat arrosa “hori” eta urdin argi “hori” izan.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu