Menpekotasunetik autonomiara


Autonomia hezkuntza esparruan gabiltzanon ahotan maiz darabilgun hitza da, oso goraipatua eta distira handikoa,  batez ere Haur Hezkuntzan, 0-6an alegia. Urriaren 17an Hik Hasik antolatutako Haurraren Autonomia jardunaldian gai honi buruz hausnartzeko aukera eduki genuen.

Baina, zer da autonomia? Haurrak bere “egin beharrekoak” berak bakarrik (laguntzarik gabe) egiteko gaitasuna baino sakonagoa da, norberaren eraikuntzan oso garrantzitsua den prozesu luzea da, bizi guztian iraunen duena eta lehen urteetako menpekotasunean sustraituko dena. Izan ere, helduaren autonomia ezinezkoa da txikitan menpekotasunik bizi izan gabe.  Esan dezakegu hortaz, autonomia ez dela ikasten ezta irakasten ere, poliki-poliki eskuratzen den konkista bat baizik.

boy-477013_1280

Jardunaldian Xabier Tapiak azaldu bezala, haurra jaiotzen denean, biologiak inposatutako heldugabetasun eta menpekotasuna direla eta, beste gizaki bati atxikitzera derrigortua dago, biziraun ahal izateko. Harreman hori zenbat eta seguruagoa izan, orduan eta sendoagoak izanen dira geroko identitatea eta autonomia. Umea hazten doan heinean, lotura hau eraldatzen joanen da eskuratuko dituen baliabide anitzei esker (barne irudiak sortzeko gaitasuna, motrizitate helduago bat, hizkuntza …) eta helduarengandik urruntzeko gogoa eta gozamena areagotzen joanen zaizkio badakielako bueltatzerakoan heldua hor egonen dela. 3 urteren bueltan sendotuko dira banatzeko ahalmena eta banakotasuna edo indibiduazioa, “ni” izenordea esaten hastearekin batera. Ondoren etorriko da haurraren identitatea sortzeko garaia (“ni” ez naiz “zu”, baina, zer/nor naiz?). Prozesu honek joan-etorri ugari edukiko ditu heriotzara arte, autonomiaranzko prozesuak ez baitu amaierarik.  Autonomiaren funtsa finean, menpekotasunetik abiatuta  norbera bakarrik egoteko eta norbere burua zaintzeko gaitasuna eskuratzen joatea izanen litzateke, eta horretarako lehendabizi bestearekin egon eta beste batek zaindu behar izan du; hortaz, harremana gakoa izanen da.

Beraz, 0-6 adin tartean haurraren bidelagun izateko aukera dugun helduok erronka ederra daukagu esku artean, autonomiaren oinarrian umeak erreferentziazko helduekin sortutako harreman sakona baitago, bere garaian behar bezalako banakako kalitatezko harremanek bihurtuko dute haurra geroz eta autonomo eta irekiagoa.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu