Hazitegi

Berrikuntza (Haur) Hezkuntzan: espazioa baino gehiago

Blog honetako aurreko ekarpenean, Itziar Arregi lankideak berrikuntza izan zuen hizpide. Irakasleon aldatzeko beharra eta gogoa aipatu zituen berrikuntzarako oinarri gisa. Oinarrietatik harago, gaurkoan berrikuntza esparruez jardungo dugu: zehazki espazioaren antolaketaz eta haurra ulertzeko moduaz.

Historikoki garrantzitsutzat hartu izan da Haur Hezkuntzako espazioaren antolaketa. Horren adibide dugu Reggio Emiliako eskoletatik beste irakasle baten adinako balioa ematea espazioa eta materialak bere baitan hartzen dituen gelako giroari. Egun, Rosan Boschi egindako elkarrizketa honetan ikus daitekeen bezala, oihartzun handia daukate arkitektonikoki berritzaileak diren eskolek. Diziplina askotatik elikatu da espazioaren antolaketaren gaia, besteak beste, pedagogiatik, psikologiatik, arkitekturatik, ingugiroaren zaintzatik… Agian horregatik, nazioartean Hezkuntza zentro askok heldu diote espazioaren antolaketaren berrikuntzari. Zorionez, Euskal Herrian ere geroz eta gehiago dira espazioaren antolaketan berrikuntzak egiten ari diren zentroak. Blog honetan bertan horrelako esperientzia bat izan genuen berbagai.  

Baina espaziotik harago doa Hazitegitik aldarrikatzen dugun berrikuntza. Espazioa, materialak edo giroa garrantzitsuak dira, oso, baina are garrantzitsuagoa irakaslea; eta bere haurra ulertzeko modua. Hori diogu posible delako espazioan sekulako berrikuntza egitea baina finean eskola tradizionalaren ikuspegiarekin jarraitzea. Adibidez, posible da espazio ireki eta aberatsak izatea, baina haurrei horiek erabiltzeko mugak ipini eta transmisioan (helduak haurrari beti) oinarritutako ekintzekin jarraitu. Posible da espazio ireki eta aberatsak izatea, baina jarraitu haur guztiek gauza bera, modu berean eta une berean egiteko joerarekin. Posible da espazio ireki eta aberatsak izatea, baina haurrak nahitaez jatera behartu; edo beharra izan arren, siesta EZ egitera derrigortu; edo haurrak helduok nahi ditugun txoko jakinetara bidali; edo haurrentzat esanguratsuak ez diren ekintzetan parte hartzera premiatu; edo zentzurik gabeko fitxak eginarazi… Azken batean, posible da espazio ireki eta aberatsak izatea, baina jarraitzea irakaslearengan eta bere beharretan oinarritutako Haur Hezkuntzarekin.

Horregatik, Hazitegitik uste dugu (Haur) Hezkuntzan berrikuntzarako lehendabiziko urratsa dela haurra ulertzeko moduaz hausnartzea. Garrantzitsua iruditzen zaigu haurra gaitasunez betetako pertsona dela ulertzea; barneratzea haurrari testuinguru egokia eskainiz gero, haurrak berak gaitasuna daukala osasuntsuki garatzeko, norbera bere erritmoan, bere barne jakin-minetik eta ez helduon presiotik. Haurra ulertzeko moduaz hausnartze horrek ekarriko du Haur Hezkuntzako irakasleon lana zalantzan jartzea, gure egitekoa berpentsatzea; gure zeregina berritzea azken batean. Horregatik, espazioan egin daitezkeen berrikuntza guztiek – ongi etorri, guztiak! – berrikuntza sakonago baten zati izan behar dute. Bestela, arriskua dago berrikuntza mugatzeko ikastetxearen itxura aldatzera edo estetikoki erakargarri bihurtzera. Guk aldarrikatzen dugu soka luzeagoko berrikuntza, ikastetxeko lan egiteko kulturarekin lotutakoa: haurraren garapen osasuntsua ardatz jarri eta hori bermatzeko eskaintza (espazioa barne) etengabe aztertzean oinarritutako berrikuntza.

Exit mobile version